Ukrainako gerra
EB oztopoak gainditu eta Errusiako petrolioari blokeoa ezartzeko lanean ari da
Agentziak | EiTB Media
Energia ministroek ezohiko bilera egin dute. Alemaniako eta Austriako gobernuak prest agertu dira, nahiz eta orain arte aurka azaldu. Gauzak horrela, Hungaria da neurria errefusatzen duen estatu bakarra.
Errusiak Poloniari eta Bulgariari gas hornidura eten ondoren, Europar Batasuna oztopoak gainditu eta Moskuren petrolioari blokeoa ezartzeko lanean ari da.
Energia ministroek ezohiko bilera egin dute. Alemaniako eta Austriako gobernuak prest agertu dira, nahiz eta orain arte aurka azaldu. Gauzak horrela, Hungaria da neurria errefusatzen duen estatu bakarra.
"Austria petrolioari blokeoa jartzeko prest dago, Batzordeak eta estatuak erabakitzen baldin badute. Prest gaude, esan dezaket", adierazi du Leonore Gewessler Austriako Energia ministroak.
Ildo beretik, Robert Habeck Alemaniako ministroak azpimarratu duenez, "bi hilabeteko lanaren ondotik", herrialdea "ez dago Errusiako petrolioa debekatzearen aurka". Hala ere, neurriak Errusiako petrolioa soilik erabiltzen duen findegi batean arazoak sortzea saihesteko "denborarik ez" dagoela onartu du agintariak. Baina "ez du ekonomia osoa kaltetuko", erantsi du.
Berlinen eta Vienaren mugimenduak Budapest bakarrik utzi du; izan ere, oraindik petrolioa eta gasa zigortzeko betoa mantentzen duen Gobernu bakarra da, Viktor Orban lehen ministroaren bozeramaileak Twitter sare sozialean azaldu duenez. Zigorrak aho batez onartu behar ditu EBk.
Poloniako Gobernuak, aldiz, Moskuren aurkako sendotasun handiagoa eskatu du, Errusiak gas hornidura eten ondoren.
"Dagoeneko ikatza badugu, orain petrolioaren unea da, eta ondoren gasaren txanda izango da. Aukerarik onena batera joatea da", azpimarratu du Anna Moskwa Ploniako Klima eta Ingurumen ministroak.
Europako Batzordeak ez du oraindik seigarren zigor sortaren edukia zehaztu nahi. Errusiako eta Bielorrusiako banku gehiago zigortzea, sektore nuklearrean neurriak hartzea eta oligarken aurka berriro egitea ez da baztertzen. Kadri Simson Energia komisarioak prentsaurrekoa emango du astearte honetan.