Itxi

HAUTESKUNDEAK

Lehenengoz, Sinn Feinek irabazi ditzake ostegun honetan Ipar Irlandako Asanblearako egingo diren hauteskundeak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azken inkesten arabera, Sinn Fein alderdi nazionalistak botoen % 26 inguru eskuratuko du, orain arte nagusi izan den Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) aurretik.

Michelle O'Neill, Sinn Feineko burua Ipar Irlandan. Argazkia: @moneillsf

Duela 101 urte Irlanda bitan zatitu zenetik lehen aldiz, Sinn Fein alderdi nazionalista lehen indarra izan daiteke Ipar Irlandako Asanblean. Izan ere, alderdi nazionalista da bihar egingo diren hauteskundeak irabazteko faborito nagusia.

Sinn Feinek lehen indarra izatea lortuko balu, Michelle O'Neill proposatuko luke ministro nagusi kargurako. Dena dela, orain arte nagusi izan den Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) bere oniritzia eman beharko lioke izendapen horri, beti ere bigarren alderdi bozkatuena balitz, 1998ko Ostiral Santuko Bake Akordioak jasotzen duen bezala.

Azken inkesten arabera, Sinn Fein alderdi nazionalistak irabaziko ditu hauteskundeak, botoen % 26 ingururekin, orain arte nagusi izan den DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren aurretik (% 19).

Datarik aipatu gabe, baina Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak iaz iragarri zuen hurrengo hamarkadan Irlanda batzeko erreferendum bat egingo dela.

Ostegun honetako hauteskundeetan 1,2 milioi herritar daude parte hartzera deituta. Zatiketa nagusi den testuingutuan egingo dira bozak Ipar Irlandan, Erresuma Batua Europar Batasunetik atera (brexit) eta otsailean Ipar Irlandako lehen ministroak dimisioa eman ondotik.

Botere partekatua

Ipar Irlandan partekatutako aginte sistema ezarri zuten 1998an izenpetutako Ostiral Santuko Akordioen bidez. Halere, azken urteotan, DUPek izan du, nolabait, aginte makila, eta Ipar Irlanda Erresuma Batuarekin bateatzeren aldeko bideak sustatu ditu.

Beraz, O'Neill lehen ministro kargura iritsiko balitz, garaipena historikoa litzateke, baina praktikan boterea partekatzera behartuta legoke unionistekin. Hori bai, azken horien baitan, 2017ko hauteskundeetan zabaldutako arrakala areagotzea ekarriko luke agertoki berriak.

Stormonteko Asanblea osatzen duten 90 eserlekuak daude jokoan, eta Sinn Fein eta DUP alderdiekin batera, Aliantza Alderdi liberala arituko da lehian. Duela 50 bat urte sortutako taldea da, eta bi bloke handien aurrean alternatiba modura aurkeztu izan da beti. Hirugarren indarra izateko bidean da.

Gauzak horrela, Ipar Irlandan politikak hartuko duen joeraren zipriztinak Londresera iritsiko diren beldur dira bertako agintariak, eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren jirakoak kezkaz begiratzen diete gaurko bozei. Sinn Feinek Brexitaren kontrako jarrera nabarmena agertu du, betidanik, eta nazionalisten garaipena beste buruhauste bat gehiago litzateke Johnsonen Gobernuarentzat.