Itxi

hauteskundeak ipar irlandan

Sinn Fein, Ipar Irlandan garaipen historikoa eskuratzeko bidean

i.l.k. | eitb media

Leer en Castellano

Ipar Irlandako hauteskunde autonomikoen lehenengo emaitzen arabera, Sinn Fein alderdi nazionalista lehen indar politiko bihurtuko da. Gainera, unionisten zatiketa berretsiko lukete hasierako zenbaketek.

Sinn Fein alderdiko bandera bat, hauteskunde kanpainan. Argazkia: EFE

Sinn Fein alderdi nazionalista lehen indar politiko bilakatzeko bidean da Ipar Irlandako eskualde britainiarrean, unionisten ehun urteko nagusitasunarekin amaituko lukeelarik. Norabide aldaketa historikoa litzateke eta, betetzekotan, hurbilago egongo da behin urrun egondako Irlanda bateratu baten aukera.

Ipar Irlandako hauteskunde autonomikoen lehenengo emaitzen arabera, Sinn Fein alderdi nazionalistak garaipen historikoa eskuratuko du. Horrekin batera, unionisten zatiketa berretsiko lukete hasierako zenbaketek. Brexit-aren osteko estatusaren gainean aurrerapausorik egon ezean, unionistek ez dute koalizio-gobernurik babestuko.      

Oraingoz, Sinn Feinen garaipenak ez luke eskualdearen estatusa aldatuko, Erresuma Batutik ateratzeko erreferenduma britainar Gobernuaren eskuduntza baita, eta urteak falta daitezke horretarako.

"Oso baikor sentitzen naiz, oso kanpaina positiboa egin dugula uste dut", adierazi du Michelle O'Neill alderdiaren eskualdeko liderrak. Irabaztekotan, ministro nagusi kargua hartuko du, orain arte politikari nazionalista batek inoiz ez izandakoa.

Aste honetan argitaratutako azken inkesten arabera, Sinn Feinek irabaziko ditu hauteskundeak, botoen % 26 ingururekin, orain arte nagusi izan den DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren aurretik (% 19).