AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
AEBko Senatuak atzera bota du abortu eskubidea bermatzeko lege proiektua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ekimenak aldeko 60 boto behar zituen Senatuan eztabaidatzen hasi ahal izateko. Bozketan, 49 senatarik alde bozkatu dute eta 51k, ostera, kontra. Senatari demokrata batek aurkako botoa eman du.
Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak baztertu egin du abortu eskubidea bermatzeko lege proiektua.
Espero zen bezala, demokraten saiakerak porrot egin du. Bart egin den bozketan, 49 senatarik alde bozkatu dute eta 51k kontra. Ekimenak aldeko 60 boto behar zituen Senatuan eztabaidatzen hasi ahal izateko.
50 senatari errepublikanok aurka bozkatu dute, eta Joe Machin senatari demokratak ere aurkako botoa eman du.
Senatuak lege proiektua atzera bota duela jakin ondoren, Joe Biden AEBko presidenteak ohar batean adierazi duenez, "emakumeen eskubide konstituzionalak aurrekaririk gabeko eraso baten aurrean daude, eta hori estatubatuarraren gehiengoaren borondatearen aurka doa".
Iragan astean hedabideetara filtratu zen zirriborro baten arabera, AEBko Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidea baliogabetuko du.
Roe versus Wade deiturikoa bertan behera gelditzeak atea irekiko lieke errepublikanoei eskubide hori murrizteko. Kasu horretan, itxuraz, AEBko 50 estatuetatik 26tan murrizketak izango lirateke.