Aliantza atlantikoa
NATOk adostasuna eskatu du Finlandia eta Suedia aliantzan sartzeko prozesuan aurrera egiteko
EITB Media
Finlandiak dagoeneko formalizatu du sartzeko eskaera, eta Suediako Gobernuak gauza bera egingo du; Turkia, berriz, bi herrialde eskandinaviarrak Atlantikoko aliantzara batzearen aurka dago, PKK-ko kurduekiko politika toleranteak berrikusten ez dituzten bitartean, "terroristatzat" jotzen baititu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Finlandiak igande honetan iragarri duenez, NATOn sartzeko eskaera egin du jada, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren dituen segurtasun aukerak "maximizatzeko". Bere aldetik, Suediako Alderdi Sozialdemokratak, minorian gobernatzen duenak, jakinarazi du aliantza atlantikoan sartzea begi onez ikusiko lukeela. Hala, ildo horretan NATOk adostasunerako eta batasunerako deia egin du Eskandinaviako bi herrialdeek aliantzarekin bat egin dezaten.
Aliantza atlantikoren herrialde guztiek bat egin dute Finlandia eta Suedia batzeko aukerarekin, Turkia izan ezik. Horrek, bere aldetik, azpimarratu du ate-irekien politikarekin bat egin duela beti, baina, bi herrialde horien kasuan, NATOn sartu aurretik eskatu die Kurdistango Langileen Alderdiarekiko (PKK) politika toleranteak berrikus ditzatela; Turkiak talde terroristatzat hartzen du hori.
Turkiako Atzerri ministroak, Mevlüt Çavusogluk, bere jarrera azaldu die Finlandiako eta Suediako ministroei, hiru aldeko bileran. Horren harira, Turkiako bozeramaileak azpimarratu du Finlandiaren erantzuna "errespetuzkoa eta zuzena" izan dela, baina Suediaren jarrera, "zoritxarrez", ez dela "eraikitzailea" izan, eta "adierazpen probokatzaileekin" jarraitzen dutela.
Aliantza atlantikoa osatzen duten 30 estatuetako atzerri ministroak bilera egiten ari dira asteburu honetan Berlinen (Alemania), Finlandia eta Suedia gonbidatu direla; gai nagusia: bi herrialde horiek aliantzan sartzea.
Ukrainan egindako Errusiaren inbasioak beldurra eragin du orain arte neutral ziren bi estatu horiengan, bereziki Errusiaren mugakide den Finlandian. Ondorioz, horrek NATOn sartzeko eskaera aurkeztuko duela jakinarazi zion orain gutxi ofizialki Finlandiako presidente Sauli Niinistök Vladimir Putin Errusiako presidenteari telefono bidezko elkarrizketan. Horretan, Putinek ohartarazi zion erabaki hori "akatsa" dela, ez dagoelako Finlandia mehatxatzen duen arriskurik.
Ildo horretan, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa haratago joan zen, eta Errusiaren aurka Mendebaldeak deklaratutako "erabateko gerra hibridoa" salatu zuen. Horren aurrean, ohartarazi zuen "salbuespenik gabe, guzti-guztiok jasango ditugula ondorioak".
NATOn sartzeko, hala ere, Finlandiak eta Suediak Turkia konbentzitu beharko dute, beste 29 estatuek ez bezala aurkako jarrera baitu, bi herrialde horiek kurduei babesa eman dietela-eta.
Presentzia militar handiagoa baltikoan
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak adierazi duenez, erakunde militarra Baltikoko eskualdean presentzia handitzea eta Suedian eta Finlandian tropak ezartzea aztertzen ari da, Eskandinaviako bi herrialdeen segurtasuna bermatzeko NATOn sartzea eskatzen dutenetik.
Suedia eta Finlandia NATOn sartzeari buruzko eztabaida betean, zalantzak daude zenbateraino luza daitekeen erabakia berrestea. Ondorioz, Errusiaren balizko errepresalien aurrean, beldurra dute bi herrialde horiek babesik gabe gelditu daitezkeela, denbora tarte horretan ezingo luketelako elkarren defentsarako eskaera egin. Hala, Stoltenbergek esan du aliatuak "jakitun" direla kezka horretaz, eta bi hautagaiei segurtasun-bermeak emateko lanean ari direla jakinarazi du.
Horregatik guztiagatik, NATOko buruzagi politikoak aurreratu du prest dagoela bi hautagaiekin elkarrizketak izateko, bitarteko aldi horri buruz hitz egiteko, eskualdean presentzia militarra handitzeko, "lurrez, itsasoz eta airez", eta baita zibermehatxuen aurrean lankidetza areagotzeaz ere.