Aliantza Atlantikoa
Suediak eta Finlandiak NATOra batzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen dute, Moskuren abisuei entzungor eginez
Agentzia | EITB Media
Magdalena Andersson Suediako lehen ministroak iragarri du herrialdeak formalki eskatuko duela NATOn sartzea, bi mendeko neutraltasun politikari amaiera emanez. Putinek ziurtatu duenez, NATOra batzea ez da berez Errusiarentzat arazo bat, baina bai bi herrialdeetan armamentua zabaltzen baldin badute.
Suediak eta Finlandiak NATOra batzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen dute, Errusiaren abisuei entzungor eginez. Segurtasuna areagotuko ez lukeela eta "hanka-sartze larria" izango litzatekeela ohartarazi du Moskuk.
Magdalena Andersson Suediako lehen ministroak astelehen honetan iragarri du herrialdeak formalki eskatuko duela NATOn sartzea, bi mendeko neutraltasun politikari amaiera emanez.
"Gobernuak Suedia NATOra batzea erabaki du", esan du Anderssonek prentsaurrekoan. Herrialdeko indar politiko nagusiek erabakia babestu dute. Gainera, Ukrainako gerrak segurtasuna okertu duela erantsi du agintariak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ziurtatu duenez, Finlandia eta Suedia NATOra batzea ez da berez Errusiarentzat arazo bat, baina bai bi herrialdeetan armamentua zabaltzen baldin badute.
"Errusiak ez du arazorik bi herrialde horiekin. Ez digu mehatxu zuzenik sortzen", adierazi du Putinek. Hala ere, jarraian, zehaztu du: "bi herrialdeetan azpiegitura militarra ezartzeak, zalantza barik, gure erantzuna izango luke".