Itxi

Polonia

Pablo Gonzalez kazetariaren espetxealdia luzatzeko eskatu du Poloniako Fiskaltzak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pablo Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Ukrainako mugatik hurbil lanean ari zenean eta epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion, espioitza egotzita. Berez, maiatzaren 28an utzi behar zuten libre.

Pablo Gonzalez kazetaria. Artxiboko argazkia: EITB Media

Poloniako Fiskaltzak Pablo Gonzalez kazetariaren behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskatu duela zabaldu du EFE berri-agentziak. Datorren maiatzaren 28an geratu behar zen libre.

Bartosz Rogala abokatuak EFE agentziari adierazi dio espero zutela Fiskaltzak kartzelaldia luzatzea eskatuko zuela.

Prozedura judizialaren arabera, eskaera erregistratu eta hurrengo zazpi egunetan aztertu beharko dute Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskaria.

Kazetari euskal herritarra otsailaren 28an atxilotu zuten Ukrainako mugatik hurbil lanean ari zenean, eta epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion, espioitza egotzita.

Harrezkero, inkomunikatuta dago eta ezin du bere familiarekin hitz egin, ezta Gonzalo Boye bere konfiantzazko abokatuarekin ere.