Itxi

NATO

Suediak eta Finlandiak asteazken honetan entregatuko dute NATOn sartzeko eskaera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bi herrialdeetako parlamentuek gehiengo zabalarekin berretsi dute aliantzan sartzea. Etxe Zuriak iragarri duenez, Joe Biden AEBko presidenteak Magdalena Andersson eta Sauli Niinisto hartuko ditu ostegunean, Washingtonen.

Sauli Niinisto eta Magadlena Andersson, prentsaurrean, gaur Stockholm-en. EFE

Suediak eta Finlandiak bihar aurezktuko dute Bruselan NATOn sartzeko eskaera, Magdalena Andersson Suediako lehen ministroak Sauli Niinistö Finlandiako presidentearekin batera Stockholmen egindako prentsaurrekoan iragarri duenez.

Duela bi egun Finlanidiako presidenteak eta Gobernuak onartutakoaren ildotik, Aliantzan sartzea berretsi du gehiengo handiz Eduskuntak (Finlandiako Parlamentua), eta Suediako Gobernuak atzo iragarri zuen erakunde horretan sartzea eskatuko zuela.

Azken egunetan pauso burokratikoak bata bestearen atzetik eman dituzte bi herrialdeek. Eskakizuna modu bateratuan entregatuko dute asteazken honetan. Magdalena Andersson Suediako lehen ministroaren ahotan, "etorkizunera begira, baturik gauden seinale".

Bi herrialdeen "historia komun luzea" nabarmendu du Anderssonek, bien segurtasuna loturik dagoela errepikatuz. Zentzu horretan, Errusiaren "legez kanpoko gerraren" aurrean koordinazioa laudatu du Suediako agintariak.

Bestalde, Finlandiako presidenteak onartu duenez, testuinguruak ez du otsailaren 24a, inbasioaren hasiera data, baino lehen zegoenarekin zerikusirik. Niinistören hitzetan, Suedia eta Finlandiarekin NATO barruan, eskualdea ez da soilik demokrazia eta ongizatean eredu izango, segurtasunean baizik.

Hain zuzen ere, Finlandiako Parlamentuak NATOn sartzeko eskaera babestu du astearte honetan, aldeko 188 boz eta kontrako zortzi botorekin, Anne Lindre Suediako Atzerri ministroak eskakizuna sinatu ondoren.

Gainera, Etxe Zuriak ohar batean iragarri duenez, Joe Biden AEBko presidenteak Andersson eta Niinisto hartuko ditu ostegunean, Washingtonen.

Bi herrialdeetako administrazioek argi utzi dute blokera batzeko bidea elkarrekin egin nahi dutela. Urte amaieran bat egin dezakete. Hala ere, Turkia aurka agertu da, eta teorikoki beto gaitasuna du.