aliantza atlantikoa
Bidenen arabera, NATOn sartzeko "baldintza guztiak" betetzen dituzte Suediak eta Finlandiak
agentziak | eitb media
Presidente finlandiarrak eta lehen ministro suediarrak Turkiarekin hitz egiteko konpromisoa agertu dute, betoa altxa dezan.
Joe Biden AEBko presidenteak ostegun honetan azpimarratu duenez, Suediak eta Finlandiak "baldintza guztiak" betetzen dituzte NATOko kide bilakatzeko. Zuzenean helarazi die Magdalena Andersson lehen ministro suediarrari eta Sauli Niisto presidente finlandiarrari. Atxikimendu "azkarra" espero dute biek ala biek, Turkiaren erreparoak gorabehera.
Bidenek Etxe Zurian jaso ditu bi liderrak, Suediak eta Finlandiak Aliantza Atlantikoaren aurrean atxikitze eskaera aurkeztu ondoren. Prozesuan Estatu Batuen "erabateko" babesa izango dutela berretsi die.
"Inoiz baino esanguratsuagoa da NATO", baietsi du iparamerikar agintariak, Finlandiarekiko eta Suediarekiko hurbiltasuna azpimarratzeko egindako agerraldi batean. Haren esanetan, erakundea "sendotuko" lukete. Era berean, Bidenek adierazi du aliantza "defentsiboa" dela NATO, eta eraso posibleen aurrean bakarrik aktibatzen dela.
Zentzu horretan, esan du Washingtonek "ez duela ahaztu" irailaren 11ko atentatuen ostean defentsa koletiborako abian jarritako 5. Artikulua. Ohartarazi du "erne" egongo dela herrialde nordikoei mehatxu potentzialen aurrean, eraso posible baterako gelditzen diren hilabeteetan, litezkeen errusiar erasoei zeharkako aipamena eginez.
"Baten aurkako erasoa guztion aurkako erasoa da", adierazi du Bidenek, eta "beharrezkoa den guztia" egiteko prest agertu da, Suedia eta Finlandia Aliantza Atlantikoko 31 eta 32 zenbakidun kide bilakatu daitezen.
Turkiarekin elkarrizketak
Bai Niinistok bai Anderssonek babesa eskertu diote Bideni, "historikotzat" jo duten une batean. Bi herrialdeek amaitutzat eman dituzte neutraltasun urteak, iragan otsailaren 24an Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarrak eragindako inoiz ez bezalako norabide aldaketaren ostean.
Finlandiar presidenteak 30 herrialde aliatuen "babes sendoa" espero du orain. Aitortu duenez, Turkiak zenbait "kezka" adierazi ditu talde terroristekin ustezko hitzartzeak direla eta; Kurdistango Langileen Alderdia (PKK), kasu.
"Terrorismoa gaitzesten dugu forma guztietan, eta modu aktiboan aurre egiten diogu", esan du Niinistok. Baietsi duenez, agintari turkiarrekin harremanak izango dituzte datozen egunetan, Ankarak oraingo ezetza atzera bota dezan.
Suediako lehen ministroak ere berrespen "azkarra" espero du eta, helburu horrekin, adierazi du bere Gobernuak herrialde desberdinekin hitz egingo duela, "Turkia barne". "Suediak bide berri bat aukeratu du", azaldu du Anderssonek. Bere ustez, "suediar herritargoaren segurtasuna babestuago egongo da aliantza barruan".