Aliantza
Erdoganek NATO zabaltzea errefusatu du kurduen miliziak legez kanpo uzten ez badira
Agentziak | EITB MEDIA
Turkiako presidenteak ez du baldintza zehatzik ezarri Suedia eta Finlandia NATOn sartzea ahalbidetzeko, baina agerian utzi du arazoa ez dela bi herrialde horien jarreran, baizik eta aliantza atlantikoko kide guztienean.
Turkiak betoa jarriko dio Suedia eta Finlandia NATOn sartzeari, aliantzako kideek Siriako kurduen miliziak (YPG) "babesten" jarraitzen badute. Izan ere, herrialde horrek "terroristatzat" jotzen du talde hori.
"Ezin dugu ontzat eman NATOn, segurtasun-erakunde batean, erakunde terroristak hartzea", adierazi du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, militante kurduek Europako herrialdeetan egiten duten jarduerari buruz ari zela.
Horren harira, agintariak deitoratu du Europar Batasunak erakunde terroristatzat hartzen duela Turkiako gerrilla kurdua, Kurdistango Langileen Alderdia (PKK), hain zuzen, baina ez duela gauza bera egiten Siriako iparraldean jarduten duten YPGko miliziekin.
Erdogabek azpimarratu du "behin eta berriz" azaldu diela, "dokumentuekin lagunduta", Europako buruzagiei YPGak "erakunde terrosita" direla, "PKK-k sortutakoa".
"Alemanian, Suedian, Finlandian edo Frantzian, erakunde terroristek manifestazioak egiten dituzte, martxak egiten dituzte, batez ere Alemanian. Talde horietako buruzagiei segurtasuna ematen zaie. Ez dizkigute ematen", salatu du presidenteak.
Gaur, Mark Rutte Holandako lehen ministroarekin telefonoz luze hitz egin du Erdoganek, eta bihar Erresuma Batuko eta Finlandiako gobernuekin hitz egingo duela gaineratu du.
Betoa berraztertzeko baldintza zehatzik ez du zehaztu, baina agerian utzi du arazoa ez dagoela NATOn sartzeko bi herrialde hautagaien jarreran, baizik eta aliantzako kide guztien jarreran.
Izan ere, Erdoganek adierazi duenez, AEB da YPGek Sirian zuzentzen dituen miliziei laguntza militarra emateko hornitzaile nagusia, Estatu Islamiko taldeko yihadisten aurka borrokatzeko.
Suediaren eta PKKren arteko harremana
Suediako Gobernuak "desinformaziotzat" jo du herrialde nordikoaren eta PKKren arteko ustezko harremana. "Gogorarazi nahi dut Olof Palmeren gobernua (suediarra) lehena izan zela 1984an PKK erakunde terroristatzat jotzen, turkiarraren ondoren", adierazi du Ann Linde Suediako Atzerri ministroak Twitterren, YPGak aipatu ez dituen arren.