Itxi

Guerra en Ucrania

Donbassen jarri ditu indarrak Errusiak eta Kharkivetik erretiratzen ari da

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Gutxienez 150 gorpu erreskatatu dituzte Kharkiv eskualdeko 98 puntutan; Kharkiv hiriburuan amaitu dira jada bonbardaketak.

Kharkiveko auzo bat, bonbardaketen ostean. EFE

Mariupol hiria okupatu ondoren, errusiarrek Donbass kontrolpean hartzeko saiakera jarri dituzte indarrak, herrialdearen ekialdean, Donetsk eta Luhansk errepublika independenteak dauden lekuan. Hain zuzen ere Ukrainan ekintza militarrari ekin baino bi egun lehenago aitortu zuen Moskuk errepublika horien independentzia eta horiek eskuratzea jarri zuen helburu, operazioaren bigarren faseari ekin zionean ere. 

Errusiako tropek "Ukrainako defentsa hausteko" eta Donetsketik barrena Luhansk eskualde errusiazalearen mugaraino iristeko saiakerekin jarraitzen dute, Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak Facebooken duen orrialdean astelehen honetan jakinarazi duenez.

Donetskeko oblastean, indar errusiarrak Slovianskeko frontean erasoaldiari ekiteko prestatzen ari dira: azken egunotan gehien zigortutako hirietako bat da hori. Gainera, Errusiak aire-erasoak egin ditu azken 24 orduetan azpiegitura zibilen aurka Avdiivka, Novoselivka Druha, eta Mykilske herrietan.

Horrez gain, errusiarrak Mariupol hirian kokatutako Azovstal altzairutegiko minak deuseztatzen hasi dira dagoeneko, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez. Iturri horren arabera, Ukrainako tropak erretiratu ondoren altzairutegian zeuden "100 lehergailu baino gehiago" indargabetu dituzte dagoeneko.

Sievierodonetsk frontean, Luhanskeko oblastean, errusiar armadak izen bereko hiria hartzera bideratu ditu ahaleginak, nahiz eta Toshkivkatik gertu ere eraso operazioa egin duten.

Errusia, orain, aurretik kaltetua izan den eta konpondu ahal izan duen material militarra hedatzen ari da lurraldean zehar, munizioak eta zenbait gudutan galdutako tresneria berreskuratzeko.

Ukrainako armadak dioenez, errusiarren hamaika eraso geldiarazi ditu Donetsk eta Luhanskeko fronteetan azken 24 orduetan, eta sei tanke errusiar, hamar ibilgailu blindatu eta sei ibilgailu motordun suntsitu ditu.

Ukrainako Armadaren gerra-partearen arabera, halaber, UAV Orlan-10 aireontzi bat, Su-25 hegazkin bat eta lau gurutzaldi-misil suntsitu dituzte fronte horietan.

Kharkivetik erretiratzen

Ekialdean aurrera egin arren, tropa errusiarrek galerak izan dituzte herrialdearen erdialdean. Dovhenke herria hartzen saiatu dira, baina Ukrainako defentsa-indarrek erasoei aurre egitea lortu dute, errusiar lerroetan galerak eraginez eta erretiratzera behartuz.

Inguru berean, Kharkov eskualdeko frontean, Slobozhansken posizioei eusten saiatzen ari dira errusiarrak; hiriburua, herrialdeko bigarren hiri handiena bonbardatzeari utzi diote dagoeneko. 

Hain zuzen ere, orain hasi dira azaleratzen Kharkiv eskualdean egindako erasoetan hildakoen kopuruak. Karkiveko Larrialdietarako Estatu Zerbitzuak gutxienez 150 gorpu erreskatatu ditu hondakinen artetik eskualdeko 98 lekutan, Anatoli Torianyk Interfax-Ukrainek aipatutako eskualdeko larrialdi-zerbitzuko buruak azaldu duenez.

Torianyk jakinarazi du, halaber, bonbardaketek eragindako sute bat itzaltzen saiatu ziren bi erreskatista eta meatzeak kentzen adituak diren hiru pertsona hil direla lanean ari zirenean; minak deuseztatzen adituak diren beste zazpi lagun zauritu dira azken egunotan.

Albisteak (1)

Bideoak (2)