Itxi

Ukrainako gerra

90 egun gerran, baina inork ez dauka bakea aukeren artean

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Gaur hiru hilabete hasi zen Errusiak Ukraina inbaditzeko operazioa, milaka zibil eta soldadu hil eta milioika desplazatu utzi dituena. Mundu erdiko populazioaren segurtasuna eta bizitza arriskuan egon daitezkeen arren, badirudi potentziei ez zaiela interesatzen gatazka hau amaitzea.

Kieveko emakume bat, suntsitututako bere etxearen aurrean negarrez. EFEren artxiboko irudia.

Gaur, maiatzak 24, hiru hilabete bete dira Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako "operazio militar berezia" hasi zenetik. 90 eguneko inbasioa eta gerra, milaka zibilen bizitzak hautsita, milaka soldadu hilda bi bandoetan, suntsitutako hiri eta herriak, eraitsi eta lehertutako azpiegiturak, eta, euren etxea utzi behar izan duten 14 milioi pertsona, horietatik 8 milioi herrialdetik ihes egitera behartuak.

Hiru hilabeteko borroka, eraso eta kontraerasoen ondoren, Europa aurre aurre duen arrisku energetikoaren, mundu erdiari eragin diezaioken gosete mehatxuaren eta gerra global baten atarian egon arren, ez dirudi inork bakearen alde egiteko asmorik duenik.

Potentzia handiek soka noraino tenkatu, bestea zigortu, blokeatu eta torlojuak zenbaiteraino estutu ditzaketen kalkulatzen diharduten bitartean, lur gainean basakeriak jarraitzen du. Ez da oraindik partida honen garailerik ikusten, baina gerra honetan, gerra guztietan bezala, galtzaileak betikoak dira, zibilak.

Azken egunetan eraso gehienak Donbassen izan dira. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du borroka "basatiak" izan direla, Ukraina ekialdean, Luhansken, Donetsken eta Kharkoven; su gurutzatuan harrapatuta, zibilak hiltzen eta zauritzen ari dira, eta eraikinak, etxebizitzak eta azpiegitura zibilak kaltetzen eta suntsitzen.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak astelehen honetan adierazi duenez, tropa errusiarrek "sarraski bat" egin dute herrialdearen ekialdean, Donbassen eskualdean, eta datozen asteak "zailak" izango direla ohartarazi du.

"Gaur egun borroka egoerarik zailena Donbassen dago. Bajmut, Popasna, Severodonetsk. Inguru horietan ari dira okupatzaileak orain arteko gogorren. Han bizi den guztia suntsitzen saiatzen ari dira. Hitzez hitz. Inork ez zuen Donbass orain Errusiako Armadak adina inoiz suntsitu", salatu du.

Donbasseko tokiko agintariek ere salatu dute Ukrainako indarren erasoek jarraitzen dutela.

Elikagairik ezari eta hornidura elektrikoan dauden arazoei gehitu behar zaie orain eskualde horietako gas-mozketa. Izan ere, astelehenean gas hornidura eten zuen GTS energia enpresa ukrainarrak Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, zonaldea hornitzen duen gasbide nagusiak bonbardaketen ondorioz jasan dituen kalteen ondorioz.

Operadoreak azaldu duenez, kaltetutako puntua lokalizatuta dauka, baina konpontzea "ezinezkoa" dela azaldu du, "liskar aktiboengatik". Gainera, azpimarratu du, oraingoz, ez dagoela gasa hara bideratzeko bide alternatiborik.

Biziarteko kartzela-zigorra epaitutako lehen soldadu errusiarrari

Bestalde, astelehen honetan Ukrainako auzitegi batek biziarteko kartzela-zigorra ezarri dio soldadu errusiar bati gerra krimenengatik, armarik gabe zihoan zibil bat hiltzeagatik zehazki; gerra hasi zenetik herrialdean izandako lehen epaiketa da.

Errusiarren inbasioa hasi zenetik, Ukrainako agintariek 9.000 prozesu baino gehiago ireki dituzte gerra krimenengatik.

Errusian preso dauden solda ukrainarrekin Ukrainak egin bezala, Errusiak ere Ukrainan preso dauden soldaduengana sarbidea izatea eskatu dio Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari.

Bien bitartean, Azovstalen armak utzi zituzten preso ukrainar guztiak Donetskeko errepublikan zaintzapean daude, eta bertan "nazioarteko Auzitegi" baten pean epaitzea aurreikusita dago.

Hala jakinarazi du Denis Pushilin Donetsk errepublikako buruak, eta ziurtatu du "gaur egun auzitegiaren estatutua prestatzen" ari direla, Interfax albiste-agentziari jakinarazi dionez.

Albisteak (1)