palestina-israel
Istiluek eta tentsioak jarraitzen dute Jerusalemen Eguneko martxa polemikoan
agentziak | eitb media
Igande honetan Banderen Martxa egingo dute Jerusalemen, israeldarrek "batasun" gisa ospatzen duten baina palestindarrek gaitzesten duten eguna ospatzeko. Iaz, martxa horrek 11 eguneko igoaldi belikoa eragin zuen. Poliziak alarma-egoera aktibatu du hirian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hogei palestindar baino gehiago zauritu dira igande honetan Jerusalemeko Hiri Zaharraren inguruetan, istiluetan parte hartu edo israeldarren erasoak jasan ostean. Bitartean, tentsioak goraka darrai hirian, arratsalde honetan Jerusalemen Eguna dela eta izaten ari den israeldar martxa ultranazionalista dela eta.
"Milaka" pertsonak, ultraeskuindarrak gehienak, hartu dute parte Banderen Desfile deritzon martxan, Poliziaren bozeramaile baten arabera.
Goizean goizetik, palestindarren eta israeldarren arteko istiluak izan dira Meskiten Zabalgunean, Jerusalemen Eguna ospatzeko egiten ari diren martxa jendetsuaren aurretik. Israeldarrek hiriaren "batasun" gisa ospatzen dute egun hori; palestinarrek, berriz, gaitzetsi egiten dute, duela 55 urte ekialdeko zatiaren okupazioa suposatu zuelako.
Día de las banderas en Jerusalén https://t.co/nPMtYjgAa5
— mikel ayestaran (@mikelayestaran) May 29, 2022
Egun osoan zehar luzatu dira istiluak. Tokiko hedabideek eta sare sozialetako erabiltzaileek Hiri Zaharreko kaleetan izaten ari diren borrokaldien irudiak zabaldu dituzte. Besteak beste, euren presentziaren aurka agertu diren palestinarrei gas negar-eragileak jaurti dizkiete israeldarrek bideoetako batzuetan.
"24 pertsona artatu dituzte" Palestinako larrialdi zerbitzuek, eta horietako zortzi ospitalera eraman behar izan dituzte; erorketak edo gas negar-eragileek eragindako itoaldiak direla eta, besteak beste.
Arratsaldeko lehen orduan, Mendebaldeko Jerusalemeko zenbait puntutatik abiatu da banderen martxa. Damasko Aterantz jo du jendetzak, Hiri Zaharreko auzo musulmanaren sarbide nagusirantz alegia, eta Erosten Harresira jarraian, judaismoaren kultu gune nagusira.
Ibilbidean zehar, kazetariei eraso egin diete batzuek, eta palestinarren etxeetan kalteak eragiten saiatu dira. Istiluen aurkako polizia jendetza sakabanatzen hasi da orduan, Efe agentziak egiaztatu duenez. Urtero gertatu ohi den bezala, irainak eta palestindarren aurkako askotariko leloak entzun dira; tartean, "heriotza arabiarrentzat".
Jerusalemen Eguna
Israelek Jerusalemen Eguna ospatzen du igande honetan. 1967an hiria berriz "batu" izana ospatzen du, baina palestinarrentzat euren lurraldearen okupazioaren hasiera suposatzen du. Banderen Martxa tradizionala arratsaldean abiatuko da hiriko mendebaldetik, eta Hiri Zaharreko Damasko Ate sinbolikorantz joko du gero.
2021eko ekainean, martxa horrek suziri jaurtiketak eragin zituen Gazako zerrendatik Hiri Santuraino. 270 hildako baino gehiago utzi zituen 11 eguneko igoaldi belikoaren hasiera markatu zuten.
Une horretan, Hamas talde islamistak (Gaza 'de facto' kontrolatzen du) suziriak jaurtitzeko mehatxua egin zuen, eta gauza bera esan du igande honen bezperan, Israelek "marra gorriak" gurutzatuz gero. Polizia israeldarraren eta fededun palestinarren artean egon litezkeen istilu posibleez ari zen, Hiri Zaharreko Meskiten Zabalgunean.
"Maiatzaren 29ra gerturatu ahala, neurritasun maximorako deia egin nahi diet alde guztiei, eta erabaki zuhurrak hartzekoa, bizitza gehiago eramatea bakarrik lortuko duen beste indarkeriazko gatazka bat ekiditeko", adierazi zuen larunbatean Tor Wennesland NBEren Ekialde Hurbileko ordezkariak.
"Benetan kezkatzen nau azken asteotan palestinar eta israeldar bizitza gehiegi eraman dituen indarkeria espiralak", gaineratu zuen. Duela bi hilabete baino gehiago zonaldean izandako tentsioaren gorakadaz ari zen, 50 hildako palestinar eta 18 israeldar utzi dituena.
Bestalde, palestindar Kanpo Ministroak ere "biziki" gaitzetsi du martxa.