Ukrainako gerra
Errusiako petrolioaren inportazioa partzialki blokeatzea erabaki du Europar Batasunak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuneko buruzagiek Viktor Orbanek ezarritako baldintzak onartu dituzte azkenean. Hala, Errusiatik petrolioa itsasoz inportatzea debekatuta egongo da, baina Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak oliobidez eskuratzeko aukera izaten jarraituko dute.
Europar Batasuneko buruzagiek Errusiako petrolioaren inportazioa partzialki blokeatzea erabaki dute astelehen gauerdian amaitu den ezohiko bileran, eta, beraz, Hungariak ezarritako baldintzak onartu dituzte azkenean.
Gauzak horrela, Errusiatik petrolioa itsasoz inportatzea debekatuta egongo da Europar Batasunean urtea amaitu aurretik, baina Hungariak, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak oliobidez jasotzeko aukera izaten jarraituko dute.
Baldintza hori duela aste batzuk jarri zuen mahai gainean Viktor Orbanek eta Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak harekin bat egin zuten. Azkenean, salbuespen hori egitea onartu du Europako Kontseiluak.
Bestalde, Poloniak eta Alemaniak beren kabuz erabaki dute urtea bukatzerako uko egingo diotela oliobideetatik jasotzen duten petrolio errusiarrari. Horrek % 90 murriztuko lituzke Errusiako petrolio inportazioak.
Lehen ministro hungariarrak azken orduan beste eskari bat egin zuen: Hungaria eta Errusia arteko oliobidean etenik balego petrolioa beste bideren batetik lortu ahal izatea. 27 herrialdeek adostutako testuak "larrialdi neurriak" aurreikusten ditu etena izatekotan hornidura bermatzeko.
Errusiaren aurkako seigarren zigor sortaren baitan daude petrolioaren aurkako neurriak. Horrez gain, Sberbank Errusiako banketxe nagusia Swift sistematik kanporatuko dute eta Errusiako hiru hedabideren emisioa etengo dute.
"Errusiako gerra makina gelditu nahi dugu, gerra finantzatzeko duen diru-iturri izugarri bat moztu, Kremlinari presioa egitea helburu duten zigorrak martxan jarriz", azpimarratu du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak prentsaurrekoan.
Agerraldi berean Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azaldu denez, estatukideek lanean jarraituko dute Hungariaren, Txekiar Errepublikaren eta Eslovakiaren salbuespena zehazteko.