Krisi diplomatikoa
Aljeriak adiskidantza ituna bertan behera utzi du, Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu duelako
Agentziak | EiTB Media
Rabatek proposatutako autonomia "zilegi ez den legez kanpoko formula" bat dela azpimarratu du Aljerrek, "egintza burutuen" politika koloniala planteatzen duelako, "argudio faltsuen" bidez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Duela ia bi hamarkada Espainiarekin adostutako adiskidantza ituna "berehala" bertan behera geratuko dela iragarri du Abdelmayid Tebune Aljeriako presidenteak, Mendebaldeko Saharan Madrilek Marokoren autonomia planari babes "bidegabea" eman diolako.
Jarrera politikoaren aldaketa justifikatzeko abiatutako kanpaina aurpegiratu die Algeriak Espainiako agintariei. Mendebaldeko Sahararen "potentzia administratzailea" izaten jarraitzen duena "betebehar juridiko, moral eta politikoak urratzen" ari dela salatu du Afrikako herrialdeak.
Zentzu horretan, Rabatek proposatutako autonomia "zilegi ez den legez kanpoko formula" bat dela azpimarratu du Aljerrek, "egintza burutuen" politika koloniala planteatzen duelako, "argudio faltsuen" bidez, APS albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
2002an sinatutako Adiskidetasun eta Lankidetza Itunak "bi herrialdeen arteko harremanen garapena arautzen zuen orain arte", Aljeriako Presidentetzak gogorarazi duenez. Iragan martxoan Aljerreko Gobernuak Madrilgo enbaxadorea kontsultetara deitu zuen dagoeneko.
Ondorengo bi hilabeteetan, Aljeria "bazkide sendo eta fidagarri" bat dela nabarmentzen saiatu da Espainiako Gobernua. Horretarako, arlo energetikoan nazioarteko kontratuak beti bete izan dituela azpimarratu du Madrilek, krisi diplomatikoak gas horniduran eragina izan dezakeenik zalantzan jarriz.
Ekainaren 1ean emaniko erantzun parlamentarioan, "gaurko egoera, slots erreserbak eta merkaturatzaileen gaitasuna kontuan hartuta, datozen hilabeteetan ez da gas hornidura faltarik espero", azaldu zuen Espainiako Exekutiboak.
Espainiako Gobernuak Aljeriaren erabakia deitoratu du. Iturri diplomatikoek ziurtatu dutenez, "itunaren edukiarekin erabateko konpromisoa", berretsi du Exekutiboak, Aljeria "herrialde adiskidetzat" duelako.
Horregatik, "bi herrialdeen arteko lankidetza eta harreman bereziak aurrera eraman eta mantentzen jarraitzeko prest", azaldu da, "bi herrien onerako".
Abdulah Arubi Fronte Polisarioko ordezkariak Aljeriaren erabakia justifikatu du; izan ere, Mendebaldeko Sahararekiko "jarrera aldaketa erradikala" gertatu eta ia hiru hilabete geroago, Sanchezek ez dizkio "azalpenik" eman.
Polisarioko ordezkariaren ahotan, jarrera aldaketa hori "nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa da, eta autodeterminazioa baztertzen du"; bereziki zaila den unean, Marokoren eta Aljeriaren arteko tentsioa "publikoa eta nabaria" delako, harremanik ez dutelako.
Zentzu horretan, Sanchezek Aljeria kontuan ez izatea deitoratu du Arubik. Fronte Polisarioko ordezkariaren hitzetan, Espainiarekin harreman hain "sendoak" ez direla begi-bistan utzi du asteazken honetako erabakiak, nahiz eta Espainiako buruzagiak adierazpen publikoetan kontrakoa azaltzen saiatu.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Sahararen inguruan "jarrerak mugitzeko" eskatu die gainerako alderdiei asteazken honetan, Espainiako Gobernuak egin duen bezala, eta argi utzi du Ceuta eta Melilla "Espainiako lurraldeak" direla, eta hori Marokori argi utzi diola iragarri du.
Diputatuen Kongresuko osoko bilkuraren aurrean, Sanchezek defendatu du Marokok Sahararako duen autonomia plana dela gatazka konpontzeko "oinarririk sendoena, sinesgarriena eta errealistena", eta horrela ikusten dutela gero eta herrialde gehiagok; horien artean, Frantzia, Estatu Batuak eta Alemania aipatu ditu.