Krisi diplomatikoa
Espainiako Gobernuak adierazi du ez duela ondoriorik espero, Aljeriak Adiskidantza Ituna hausteagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aljeriak harremanak hautsi ditu Espainiarekin, Pedro Sanchezen Gobernuak Marokoren alde egin duelako Mendebaldeko Saharako gatazkan. Hala ere, Espainiako Gobernuak ziurtatu du herrialde horrekin elkarlanean jarraituko duela.
Aljeriako Gobernuak asteazken honetan jakinarazi du Espainiarekin egin zuen Adiskidantza eta Kooperazio Ituna bertan behera uztea erabaki duela, herrialde horrek Sahara Mendebaldeko gatazkan izan duen jarrera historikoa aldatu eta Marokoren alde egin duelako.
Irgarpen horren harira, Jose Manuel Albares Atzerri ministroak adierazi du ez dutela uste erabaki horrek ondoriorik izango duenik, "Aljeriako Gobernua bazkide fidagarria delako".
Horrez gain, Albaresek esan du prest dagoela krisi diplomatiko honi buruzko azalpenak emateko Kongresuan, PPk eta Ciudadanosek eskaerari erantzunez.
Ohar batean, Pedro Sanchezen Exekutiboak deitoratu egin du Aljeriak harremanak eteteko hartu duen erabakia, baina azpimarratu du Espainiak itun horretan hartutako "konpromisoak betetzen" segituko duela.
Halaber, nabarmendu du Aljeria "herrialde adiskidetzat" joko duela aurrerantzean ere. Horrela, bada, "bi herrialdeen mesedetan elkarlanean aritzeko eta harreman berezi honi eusteko borondatea berresten dugu", adierazi dute oharrean.