Itxi

Brexit

Ipar Irlandako protokoloaren zati batzuk baliogabetzeko legea aurkeztu du Erresuma Batuko Gobernuak

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Europako Batzordeak Erresuma Batuaren aurka bide judiziala aktibatuko du berriro Ipar Irlandako protokoloa urratzeagatik.

Londres. Artxiboko argazkia: EFE

Europar Batasunarekin sinatutako Ipar Irlandako protokoloaren zati batzuk baliogabetzeko lege-proiektua aurkeztu du Erresuma Batuko Gobernuak Parlamentuan.

Besteak beste, legedi berriak EBren Justizia Auzitegiaren jurisdikzioa ezabatu nahi du Ipar Irlandan.

Europako Batzordeak Erresuma Batuaren aurka bide judiziala aktibatuko du berriro, Ipar Irlandako protokoloa urratzeagatik.

"2021eko martxoan Erresuma Batuko Gobernuaren aurka abian jarritako prozedura berriro martxan jartzea erabaki du Batzordeak. Neurria bertan behera utzi genuen, irtenbideak bilatzeko eta lankidetzari aukera emateko, baina Londresen aldebakarreko ekintzak zuzenean horren kontra doa", adierazi du Maros Sefcovic EBko Exekutiboaren presidenteordeak Bruselan.

"Protokoloa betearazteko borondatea izango du gure erantzunak, eta neurrizkoa izango da", erantsi du buruzagiak galderarik gabeko agerraldian.

Ipar Irlandako Asanbladaren diputatu gehienek gutun bat sinatu dute astelehen honetan Londresen lege-proiektua salatzeko Brexit akordioak urratu nahi dituelako.

Konkretuki, Johnsoni bidalitako gutunean, Erresuma Batuaren jarrera errefusatu dute sinatzaileek Wesminsterreko Ganberan "legedi zoro berri" bat aurkeztu duelako.

Sinn Fein alderdi abertzaleak, SDLP Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristak eta Aliantza Alderdiko ordezkariek sinatu dute ekimena. Sinn Feinek iragan maiatzeko hauteskundeak irabazi zituen.

Diputatuek Johnsoni gogorarazi diotenez, legedi berria Ipar Irlandako enpresaburu "gehienen gogoaren kontrakoa" da, baita herritarren "gehiengoaren aurkakoa" ere.

Era berean, errepikatu dutenez, "nahiz eta perfektua ez izan", protokoloa mekanismo "bakarra" da Londresek eta Bruselak Brexitaren ostean adostutako merkataritza arauak betetzeko.

Belfasteko Asanbladaren 90 ordezkarietatik 52k sinatu dute gutuna. DUP Alderdi Demokratiko Unionistak, aldiz, abertzaleekin Gobernua partekatzeari uko egingo diote Londresen eta Bruselaren arteko elkarrizketak protokoloa deuseztatzen baldin badu.

Horregatik, DUPek Londresen aldebakarreko bideari babesa eman dio elkarrizketan akordiorik ezean, baina legedi berria indarrean sartu arte Ipar Irlandako Exekutibora itzuliko ez dela ohartarazi du. Prozesuan hilabeteak eman ditzakete.

Azkenik, Johnsonek protokoloaren aldebakarreko aldaketari garrantzia kendu dio. "Garrantzirik gabeko aldaketak dira", esan du agintariak.

Aldaketekin EBri erronka bota nahi diotenik ukatu du Johnsonek. Erresuma Batuko lehen ministroaren ahotan, "aldaketa burokratiko bat da", eta ez du nazioarteko zuzenbidea urratzen, nahiz eta Europako Batzordeak eta Irlandako Gobernuak guztiz kontrakoa uste.