Kapitolioa hartzeko saiakera
Kapitolioa hartzeko saiakera ikertzen ari den batzordearen kontra egin du Trumpek legea ez betetzea egotzita
Agentziak | EITB Media
Biden Etxe Zuriaren buru jarri zuten hauteskundeetan "iruzurra" egon zela esan du berriro AEBko presidente ohiak.
2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioa hartzeko saiakera ikertzen ari den batzorde legislatiboaren kontra egin du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiak eta "auzitegi kanguru" deitu du, hots, legea betetzen ez duen auzitegia, The Washington Times egunkariak jaso duenez.
Presidente errepublikano izandakoak 12 orrialdeko adierazpen bat kaleratu du egunkari horretan AEBko Ordezkarien Ganberako batzorde horrek egindako azken saioari erantzunez. 2020ko hauteskundeetan "iruzurra" egon zela salatu du beste behin Trumpek.
Biden presidentearen kudeaketa "eskasa" jarri du jomugan bere aurrekoak, eta "hutsegiteen" artean honakoak aipatu ditu: Afganistango "erretiratze kaskarra" eta AEBko hego-ekialdeko mugan daraman "politika txarra eta ez segurua".
Kapitolioa hartzeko saiakera ikertzeko hainbat saio egin dituzte AEBko Ordezkarien Ganberan, azkena, atzo bertan. Batzordekideek argitu nahi dutena honakoa da: presidente ohiak, nahita, hauteskunde iruzurraren mamua zabaldu zuela, bere aholkulariek aholkatutakoaren kontra.
Batzordean demokratak dira nagusi, baina Trumpekin kritiko diren bi errepublikano —Liz Cheney eta Adam Kinzinger—ere badira tartean.