Itxi

epaiketa

Kevin Spacey aktore estatubatuarra, fidantzarik gabe aske, sexu eraso salaketen ostean

eitb media

Leer en Castellano

Agerraldi berri bati aurre egin beharko dio Spaceyk datorren uztailaren 14an, oraingoan britainiar koroaren auzitegi baten aurrean, kasurik larrienak epaitzen dituena alegia.

Kevin Spacey aktorea, epaitegira iristean. Argazkia: EFE

Kevin Spacey aktore estatubatuarra fidantzarik gabe aske utzi du epaileak ostegun honetan, hurrengo epaiketara arte. 2005 eta 2013 artean Erresuma Batuan egindako ustezko sexu erasoengatik lau kargu irakurri dizkiote Londresko epaitegi batean.

Borondatez agertu da salaketen berri eman dion Londresko epailearen aurrean eta, bere abokatuak azaldu duenez, Spaceyk erabat ukatu ditu horiek.

Aktore sarituak eta haren abokatuek argazkilari eta telebista talde multzoari aurre egin behar izan diote, epaitegira iristean. Londresko epaitegiko bi segurtasun langilek bidea erraztu diete, bultzada artean ia.

Barnealdean, ordu erdian, epaileak lau sexu eraso karguak irakurri dizkio. Aktorea zigortzekotan, sei hilabeteko espetxe zigorra edo isun mugagabea ezarriko lizkiokete.

Gainera, Spaceyk bosgarren kargu bati ere aurre egin beharko dio, baimendu gabeko penetrazioagatik. Fiskalaren arabera, aktoreak gizon bat behartu zuen sexu orala egitera. Azken kargu hori larriena da, biziarteko zigorra ere ezarri zatzaioke eta auzitegi goren batean epaitu behar da.

Poliziaren arabera, 2005 eta 2013 artean eman ziren kasuak, Spacey Londresko antzoki ezagun batean zuzendari artistiko lanetan zebilenean.

Ostegun honetako aurretiazko bistan, aktorea ez zen errudun edo errugabe aitortu behar, baina haren abokatuak baietsi du erabat ukatzen duela deliturik egin izana.

Momentuz, fidantzarik gabeko askatasuna ezarri diote, baina datorren uztailaren 14an agerraldi berri bati aurre egin beharko dio, oraingoan koroaren auzitegi baten aurrean, hura arduratzen baita kasurik larrienetaz.