Itxi

Abortua

Ameriketako Estatu Batuentzako eta Auzitegi Gorenarentzako "egun tristea" dela uste du Bidenek

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Donald Trump, aldiz, pozik azaldu da ebazpenarekin: "Jaungoikoaren erabakia da". Macronek emakume estatubatuarrei elkartasuna adierazi die. Sanchezek ohartarazi duenez, konkista sozialak "beti daude arriskuan". "Mundu guztiko emakumeentzako egun oso tristea da", ziurtatu du Monterok.

Joe Biden AEBko presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, gaurkoa "egun tristea" da Auzitegi Gorenarentzako eta herrialdearentzako, Auzitegiak abortu eskubidea babesik gabe utzi ondoren.

"Oso argi hitz egingo dut. Emakumeen aukeratzeko eskubidea bermatzeko modu bakarra Kongresuak lege federal baten bidez Roe versus Wade babesa berrezartzea da. Presidenteak ezin du halako neurririk hartu", azaldu du Bidenek Etxe Zurian.

Bidenek gogorarazi du demokratek Senatuan eskubidea babesteko, legedi bat aurrera ateratzeko, boto nahikorik ez dutela, "ondorioz, boto-emaileek euren ahotsa entzunarazi behar dute".

"Datorren udazkenean senatariak eta ordezkariak aukeratu behar dituzte, lege federal batekin emakumeen aukeratzeko eskubidea berriro arautzeko", animatu du presidenteak.

Trump: "Jaungoikoaren erabakia da"

"Udazkenean, Roe boto-txartelean izango da, askatasun pertsonalak, pribatutasun eskubidea, askatasuna, berdintasuna, guztia botoan izango da. Hala ere, gaurko erabakiaren ondorioak jasango dituzten estatuetan, emakumeen eskubidea babesteko eskura dudan guztia egingo dut", agindu du.

Gobernariaren hitzetan, tokian toki abortu eskubidea babestuko duten buruzagi gehiago behar ditu herrialdeak. Gaurko ebazpena "azken hitza" ez dela ziurtatu du.

Bestalde, Donald Trump (2017-2021) bere aurrekoak izendatutako hiru magistratuak kritikatu ditu agintariak.

"Donald Trump presidenteak izendatutako hiru epaileak justiziaren balantzarekin bukatzeko eta emakumeen oinarrizko eskubidea ezabatzeko erabakiaren atzean daude", azpimarratu du Bidenek, Neil M. Gorsuch, Brett M. Kavanaugh eta Amy Coney Barretti erreferentzia eginez.

Epaia "muturreko ideologia" baten emaitza eta "hanka-sartze tragiko" bat dela uste du buruzagiak.

Bestalde, Kamala Harris Estatu Batuetako presidenteordeak ohartarazi du "osasun krisia" ekarriko duela Auzitegi Gorenaren epaiak. "Goizean zituzten osasun- eta ugal-eskubiderik gabe oheratuko dira gaur Estatu Batuetako milioika emakume", deitoratu du Harrisek, Illinois estatura egindako bisitan zehar eskainitako hitzaldian.

Gainera, presidenteordeak adierazi du lehen aldia dela estatubaturrei konstituzio-eskubide bat kentzen zaiela. Era berean, ohartarazi du, honen ostean, "konpondutzat" ematen diren bestelako eskubideen ezabapena gerta litekeela, ezkontza homosexuala barne.

Trump pozik azaldu da ebazpenarekin, eta hiru epaile kontserbadoreak izendatzeagatik bere erantzukizunaren inguruan galdetu diotenean, "Jaungoikoaren erabakia da", erantzun du.

Erreakzio gehiago

Michelle Bachelet NBEko giza eskubideetarako ordezkariaren ahotan, "sexu eta ugaltze osasunaren babesean bost hamarkadetan zehar aurrerapausoak eman ostean, atzerapauso handi bat suposatzen du" erabakiak.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak emakume estatubatuarrei elkartasuna adierazi die. "Abortua emakume guztien oinarrizko eskubide bat da. Babestu behar dugu. Emakumeei elkartasuna adierazi nahi diet, AEBko Auzitegi Gorenak haien askatasunak zalantzan jarri dituelako gaur", idatzi du Twitter sare sozialean.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi duenez, konkista sozialak "beti daude arriskuan". "Mundu guztiko emakumeentzako egun oso tristea da", ziurtatu du Irene Montero Berdintasun ministroak; izan ere, neurriarekin "ugaltze eskubideak" eta "sexu osasuna arriskuan jartzen ari dira".

Luis Arguello Espainiako Gotzainen Biltzarreko bozeramaile eta idazkari nagusia, aldiz, pozik agertu da AEBko sententziarekin, "aborturako eskubide konstituzionala ukatzen duelako"; "norabide onean emaniko pausoa" eta "borrokan jarraitzeko bultzada". Erabakia "batera gogoeta egiteko gonbite boteretsua da", ziurtatu du Vincenzo Paglia artzapezpiku eta Vatikanoko ordezkariak.