ameriketako estatu batuak
Zer suposatzen du AEBko Auzitegi Gorenaren abortuari buruzko erabakiak?
i.l.k. | eitb media
Abortatzeko eskubidea babesik gabe uzteko estatubatuar Gorenaren erabakiak izan ditzakeen ondorioak aztertu ditugu.
Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak, gehiengo kontserbadorearekin, abortatzeko eskubidea babesik gabe uzten duen epaia igorri du ostiral honetan, Konstituzioak bermatzen ez duela iritzita. Orain arte, aurreko bi epaiek bermatua zuten eskubide hori. Jarraian, erabaki horrek izan ditzakeen ondorioak aztertuko ditugu.
Abortuaren debekua, estatuka
Hala erabakitzen duten estatuek abortua debekatu ahal izango dute euren lurraldean. Ziur aski, Estatu Batuak bitan banatuko ditu horrek, haurdunaldiaren borondatezko etenaldia baimentzen duten eta erabat debekatzen duten estatuen artean.
Planned Parenthood AEBko ugal-osasun kliniken sarerik handiena kudeatzen duen erakundearen arabera, epaiak "26 estatu eraman litzake abortua debekatzeko arin mugitzera, ugaltzeko adinean dauden 36 milioi emakume eta haurdun gera daitezkeen pertsona abortatzeko aukerarik gabe utzita".
Hain zuzen ere, Kentuckyk, Luisianak eta Hego Dakotak ostiral honetan bertan debekatu dute abortua, erabakiaren berri izan orduko. Izan ere, epaia kaleratzeko unean indarrean sartzeko prest zegoen lege sorta zeukaten prest.
Idahok, Tennesseek eta Texasek ere onartu dute automatikoki debeku hori baina, horien kasuan, 30 egun barru sartuko da indarrean.
Eskubidea lurraldeka mantentzeko aukera
Bestalde, Merrick Garland Estatu Batuetako fiskal nagusiak estatuei gogorarazi die abortatzeko eskubidea mantendu dezaketela euren lurraldeetan. Era berean, debekatzeko asmoa dutenei ohartarazi die ezin dietela hala nahi duten emakumeei abortatzeko beste nonbaitera bidaiatzerik galarazi.
Abortatzeko eskubidea babesik gabe uzten duen Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu osteko jakinarazpen batean, Garlandek hitz eman du herrialdeko Justizia sailak lanean jarraituko duela, erabaki horren ostean emakumeen ugal-eskubideak "atsedenik gabe" defendatzen jarraitzeko.
Garlandek ohartarazi duenez, "Konstituzioak oraindik ere galarazten die estatuei mugetatik harago euren aginpidea edo debekua inposatzea". Hori dela eta, abortatzeko beste estatu batera bidaiatu behar izatea erraza izango ez dela onartu arren, ohartarazi du estatuek ez dutela emakumeei eskubide hori beste lurraldeetan bilatzea debekatzerik.
Abortatzeko beste estatuetara bidaiatzeko debekua, zerumugan
Ugal-Eskubideen Zentroak, munduan zehar abortuaren alde lan egiten duten abokatu eta aktibistek osatutako GKE batek, ohartarazi du AEBko zenbait estatu saiatuko direla abortua legezko duten lurraldeetara bidaiak debekatzen.
"Ezinbestekoa da jendeak ulertzea estatuko zenbait funtzionario eta organo legislatibo abortatzeko bidaiatzea saihestuko luketen legeak eztabaidatzen ari direla jada", Julie Rikelman abokatuak kazetariekin egindako dei batean azaldu duenez.
Misisipi estatuan 15 ernaldi asteetatik aurrera abortatzea debekatzen duen lege bat baliogabetzeko defentsan aritu izandakoa da Rikelman, Gorenaren aurrean. Esan duenez, erakundeak lege horiei buru egingo die, baina horien konstituzionaltasuna auzitegietan erabakiko da, azken finean.
Taldeko abokatuak bat etorri dira: erabaki honek emakume behartsuenei eragingo die batez ere, ezin izango baitute abortatu ahal izateko milaka kilometroko bidaiarik ordaindu, eta horrek "hain seguruak ez diren alternatibak" bilatzera behartuko ditu.