Alemania
Abian da Bavarian G7ko 48. goi-bilera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elmauko gazteluan, Alpeetan, bildu dira munduko zazpi ekonomia handienetako estatuburuak eta gobernuburuak. Ukrainako gerra bereziki izango dute hizpide, eta Zelenskiri erakutsitako babesa berretsiko dute. Ukrainako presidenteak berak ere parte hartuko du, modu telematikoan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
G7ko estatuburuek eta gobernuburuek hiru eguneko goi-bilerari ekin diote, gaurtik hasita, Elmauko gazteluan, Alpeetan, Bavariako estatuan (Alemania), Ukrainako gerra eztabaidetako auzi nagusia izanda.
Ekainaren 28ra arte egingo dute batzarra, eta Alemania anfitrioia izango da. Hori dela eta, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Joe Biden AEBko presidentearekin batzartu da aldebiko bilera batean, goi-bilerari ekin aurretik.
Ukrainako gerra bereziki izango dute mintzagai. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi duenez, lehentasuna izango da Ukrainari erakutsitako babesa berrestea "behar den beste denbora".
Landa-eremu batean kokatutako luxuzko hotel batean izango da goi-bilera, 2017ko G7ko goi-bileran, Hamburgon, alegia, izandako istilu larriak saihestu aldera. Elmauko zonaldea hesiz inguratuta dago, balizko manifestarien sarrera galarazteko, eta polizia kopurua handia zabalduko dute, 18.000 agente inguru, hain zuzen ere.
Munduko zazpi ekonomia handiek osatzen dute G7a, hala nola, Alemania, Kanada, AEB, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batua. Potentzia horiei eragiten dizkieten segurtasun- eta ekonomia-auziak kudeatzea da helburua. Vlodomir Zelenski Ukrainako presidenteak ere parte hartuko du, modu telematikoan.
Protestak, goi-bileraren atarian
Larunbat honetan, G7ko goi-bileraren bezperan, 4.000 pertsona inguru bildu dira Munichen izandako protestan. 20.000 bat lagun biltzea espero zuten protestaren antolatzaileek eta azkenean parte-hartzea askoz txikiagoa izan da.
Erregai fosilak pixkanaka erabiltzeari uztea, animalien eta landareen dibertsitatea babestea, justizia soziala eta gosetearen aurkako ekintzak aldarrikatu dituzte Munichen bildutako manifestariek.