Goi-bilera
G7ak isun gehiago onartu ditu Errusiaren aurka, eta "beharrezkoa den babesa" helarazi dio Ukrainari
EITB MEDIA
"Errusiaren diru-sarrerak eteteko prest gaude, baita urretik datozkionak ere", esan dute buruzagiek Elmaun (Alemania) egiten ari diren goi-bileran onartutako adierazpen batean.
G7ko buruzagiek "beharrezkoa den babesa" eta "beharrezkoa den bitartean" eskaini diote Ukrainari, eta, gainera, Moskuren aurkako isun berriak onartu dituzte. Horrez gain, esan dutenez, ez dute Errusiaren kontra "beste aukera batzuk" ezartzea baztertu.
"Errusiaren aurkako isunak areagotzea onartu dugu, gakoak diren teknologia eta industrietara eta bestelako baliabideetara sarbidea izan ez dadin", esan dute Alemania buru duen presidentetzak onartutako adierazpen batean, Volodimir Zelenski presidente ukrainarrak taldearen aurrean egindako hitzaldi baten ostean.
Adierazpenaren arabera, Ukrainari adierazitako babesa "beharrezkoa den bitartean" luzatuko da. Gainera, Errusiari gari ukrainarraren esportazioak ez blokeatzeko deia egin dio, eta produktua mugitu ahal izateko "korridoreak" erabiltzea eskatu du.
"Errusia baztertzeko bide berriak bilatzen jarraituko dugu", adierazi dute isun berrien atalean. Neurriok, testuaren arabera, dagozkien herrialdeetako agintariek "aztertuko" dituzte, nola ezarri erabakitzeko.
"Errusiak nazioarteko merkatuan parte-hartzerik ez izateko eta -isunen- ihesari aurre egiteko aukera berriak aztertzen jarraituko dugu", esan dute. Era berean, gaineratu dutenez, "Errusiaren diru-sarrerak eteteko prest gaude, baita urretik datozkionak ere".
Halaber, ohartarazi dutenaren arabera, "gure ekonomia sistemetan ekoitzitako eta klabeak diren teknologia eta industrietara, eta bestelako baliabideetara, gehien bat armen industriara, sarbidea izan ez dadin", isunak zabalduko dituzte.
Isunen helburua Errusia zigortzea da, "gerra krimenetan izandako erantzukizunengatik, Ukrainaren aurka ezarritako nagusitasunagatik eta nazioarteko elikagaietan eragindako ziurgabetasunagatik", alegia, gari ukrainarraren aurkako "legez kontrako" blokeogatik.
Adierazpena onartu baino lehen, Zelenskik modu birtualean egin ditu bere adierazpenak G7ko buruzagien aurrean, alegia, Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Alemaniako buruei zuzendu zaie atzotik Elmaun (Alemania) egiten ari diren goi bileran. Aurten, G7 bileraren hizpide nagusia Ukrainako gerra eta horrek nazioarteko ekonomian izan dituen ondorioak izan dira.