Goi-bilera, Alemanian
G7ak Putinen aurkako neurri "zorrotzak eta berehalako kostu ekonomikokoak" babesten ditu
EITB MEDIA
Munduko zazpi potentzia nagusietako goi-ordezkariek, Alemanian, egindako goi-bilera amaituta, Ukrainako Gobernuarekiko eta bertako herritarrekiko babesa agertu dute, azken adierazpenean; izan ere, Errusiaren aldetik "justifikatu gabeko eraso-gerra" dela nabarmendu dute.
G7ko liderrek, astearte honetan, Alemanian egindako goi-bileran, babestu egin dute Vladimir Putinen erregimenaren aurkako neurri "zorrotzak eta berehalako kostu ekonomikokoak" egotea, Ukrainaren inbasioagatik.
Munduko zazpi potentzia nagusietako goi-ordezkariek, Alemanian, bertan egindako goi-bilera amaituta, Ukrainako Gobernuarekiko eta bertako herritarrekiko babesa agertu dute, azken adierazpenean; izan ere, Errusiaren aldetik "justifikatu gabeko eraso-gerra" dela nabarmendu dute.
Zazpi herrialdeek konpromisoa hartu dute ahaleginak indartzeko, gatazkaren eskualdeko eragina eta eragin global eta "kaltegarri eta mingarriari" aurre egite aldera, eta, halaber, "energia-hornidura globala eta elikadura-segurtasuna bermatzeko.
"Behar den denboran", Ukrainarekin
"Behar den denboran izango gara Ukrainarekin, beharrezko babes finantzario, humanitario, militar eta diplomatikoa emanez, bertako herritarrak ausardiaz ari baitira defendatzen euren subiranotasuna eta lurralde-osotasuna", diote Alemaniako, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako, Italiako, Frantziako, Japoniako eta Erresuma Batuko liderrek.
G7ko Estatuburuek eta Gobernuburuek "konpromisoa" hartu dute "Ukrainari laguntza emateko, bere burua defenda dezan eta etorkizun libre eta demokratikoa bermatzeko".
"Errusiarentzako kostu zorrotzak eta iraunkorrak ezartzen jarraituko dugu, gerra honi amaiera ematen laguntzeko asmoz. Ondorio zuzenez harago, Errusiaren erasoa mundu-mailako suspertzea ari da eragozten, eta sakonki ari da okertzen energia-segurtasuna eta mundu-mailan elikagaietarako sarbidea", diote G7ko liderrek.
Hori dela eta, ziurtatu dute, tinko jarraituko dute, konprometituta, "aurrekaririk gabeko koordinazio honekin, zigorren gainean, behar den denboran; etapa bakoitzean batera arituko gara, eta Errusiaren diru-sarrerak murriztuko ditugu, urrearena ere".
Testuinguru horretan, G7ko liderrak aztertzen ari dira errusiar petrolioa garraiatzea debekatzea, ez bada hori saltzeak kontuan izan dezala gehieneko salneurri bat; prezio hori nazioarteko bazkideekin adostu beharko lukete.
"Petrolioaren gainean, hainbat aukera daude; besteak beste, petrolio errusiarra eta horren eratorriak mundu-mailan garraiatzea bideratzen duten zerbitzuak erabat debekatzea", dio G7aren adierazpenak. Talde horretako herrialdeek, horrez gain, gonbidapena luzatu die gainerako herrialdeei, neurri horiekin bat egin dezaten; ministroei eskatu diete, halaber, errusiar energia fosilen alternatibak garatzeko aukerak aztertzen jarrai dezatela.