Kargatzen...
Itxi

NATO-ren goi-bilera

Rotara bi gerra-ontzi eta 600 soldadu estatubatuar gehiago bidaltzea adostu dute Sanchezek eta Bidenek

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Duela 40 urte Espainiak NATOrekin bat egin zuela gogora ekarri du AEBko presidenteak: "ezinbesteko aliatua bihurtu zen".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Rotako itsas basean (Cadiz) presentzia militar estatubatuarra areagotzea adostu dute. Bi gerra-ontzi destruktore gehiago bidaliko dituzte, NATOren misilen aurkako ezkutua sendotzeko. 2014tik eta 2015etik lau gerra-ontzi ditu Washingtonek bertan.

Aldebiko bileran, Bidenek eta Sanchezek adierazpen bateratua sinatu dute, Moncloa jauregian, NATOren goi-bilera hasi baino lehen.

Duela 40 urte Espainiak NATOrekin bat egin zuela gogora ekarri du Bidenek: "ezinbesteko aliatua bihurtu zen".

1988an sinatutako akordio militarra berretsi dute bi buruzagiek. Itunak Moroneko (Sevilla) eta Rotako baseak erabiltzeko aukera ematen dio Washingtoni. Bi herrialdeen arteko lankidetzan "funtsezko tresna" dela esan dute bi agintariek.

Zentzu horretan, defentsan lankidetza "zabaltzeko" asmoa iragarri dute, "Rotan gerra-ontzi estatubatuar gehiago ezarriz". Dagoeneko lau destruktore ditu AEBk itsas basean, baina orain beste bi bidaliko dituzte.

Espainiak goi-bilera "benetan historikoa" hartuko du

Gainera, Washingtonek beste 600 soldadu estatubatuar eramango ditu Rotara. Horretarako, lankidetza hitzarmena erreformatzea beharrezkoa izango da. Honenbestez, Ministroen Kontseilutik pasa beharko du, eta Diputatuen Kongresuak onartu.

NATOrentzako une erabakigarrian, Espainiak goi-bilera "benetan historikoa" hartuko duela adierazi du Bidenek, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren.

"Espainiak Madrilen antolatutako goi-bilerak NATO kontzeptu estrategiko berri baten inguruan baturik egotea ziurtatuko du, mehatxu transnazionalen eta etsai estrategikoen aurrean Aliantzaren erantzuna gidatzeko; segurtasun testuinguru arriskutsuago bati aurre egiteko NATOren politikek eta jarduera militarrek baliabide gehiago izateko", azpimarratu du.

AEBko buruzagiaren hitzetan, une erabakigarria da, Ukrainaren inbasioak Europako bakea eta II. Mundu Gerrako arauak "astindu" dituelako.

"Ukraina laguntzeko eta gure disuasio eta defentsarako gaitasun propioak hobetzeko baturik gaude", nabarmendu du Bidenek. Bestalde, Ukrainako gerra hasi zenetik, AEBk Europan indarrezko jarrera sendotu duela erantsi du agintariak.

"Espainiaren eta Ameriketako Estatu Batuen adierazpen bateratu berriarekin oso pozik nago, bi herrialdeen arteko harremanak eguneratu eta sendotuko dituelako", esan du Sanchezek.

Albisteak (1)

Bideoak (1)