Espioitza
Bruselak Pegasusen erabilera gaitzetsi eta gogorarazi du segurtasun nazionala ez dela "txeke zuri bat"
Agentziak | EITB MEDIA
Vera Jourova Europako Batzordeko Balioen eta Gardentasunaren presidenteordeak esan du hori, Batasuneko estatu kideetako zuzenbide-estatuaren egoerari buruz urtero egiten duen txostenaren aurkezpenean.
Europako Batzordeko Balioen eta Gardentasunaren presidenteorde Vera Jourovak Pegasus espioitza softwarearen erabilerari buruzko hausnarketa egiteko deia egin du Europako hainbat herrialdetan, besteak beste, Espainian. Ildo horretan, azpimarratu du segurtasun nazionalaren defentsa ez dela "txeke zuria", eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko bermeak egon behar direla ohartarazi du.
Hala esan du Luxenburgon emandako prentsaurrekoan, Europar Batasuneko kideen zuzenbide-estatuaren egoerari buruz urtero egiten duen hirugarren txostena aurkezteko.
Lehen aldiz, Europar Batasunean Pegasusen erabilerak eragindako "arazoen deskribapena" jasotzen du txostenak, eta, presidenteordeak adierazi duenez, dokumentuak "Polonia, Hungaria, Espainia eta Frantzia aipatzen ditu", herrialde horietan "kazetari, abokatu, politikari eta eurodiputatuen aurka" erabili baita espioitza-programa.
Testuinguru horretan, Jourovak kasu bakoitzari buruzko aipamen zuzenak saihestu ditu, baina azpimarratu du "babesak" egon behar direla ikertuen oinarrizko eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko. "Gai larria da, eta horri buruz pentsatu behar da", gaineratu du.
Europar Batasuneko herrialdeetako zuzenbide-estatuari buruzko txostenak Pegasusi eta beste espioitza-programa batzuei buruzko kapitulu bat du, eta presidenteordeak aipatutako lau estatuetako egoera modu deskriptiboan errepasatzen du.
Espainiari buruz, dokumentuak gogorarazten du espioitza-softwarearen erabilera argitzeko ikerketak daudela abian, eta azpimarratu du inteligentzia-zerbitzuek agindu judizial bat izan behar dutela telefono-entzuketak eta antzeko praktikak egiteko.
Nolanahi ere, txostenak saihestu egin du kapitulu horretan adierazitako herrialdeei berariazko gomendioak egitea.