Itxi

Sekretu ofizialak

Agiri ofizialak desklasifikatzeko epeak eta pausoak beste estatu batzuetan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Dokumentu ofizialak publiko egiteko epearen inguruan ez dago estatu guztien adostasunik: segurtasunarentzako garrantziaren menpe dago dena.

Irudia: EiTB Media

30 urte Alemanian, 50 Frantzian eta 75 Ameriketako Estatu Batuetan. Dokumentu ofizialak publiko egiteko epearen inguruan ez dago estatu guztien adostasunik: Estatuko segurtasunarentzako garrantziaren menpe dago dena.

Frantzia

Administrazioko agiriak eskuratzeko herritarren eskubidea aurreikusten du legeak, baina murrizketekin hainbat kasutan: Ministroen Kontseiluko eztabaidak, defentsa nazionala, atzerri politika, Estatuko segurtasuna edo monetaren zein kreditu publikoaren osotasuna.

Defentsa nazionalari eragiten dioten dokumentuak 50 urteren buruan argitara ematea posible izango da, bi salbuespenekin: aipatutako pertsonaren segurtasuna arriskuan jar dezaketenean eta arma nuklear, kimiko ala biologikoak fabrikatu, aurkitu edo erabiltzeko aukera ematen dutenean.

Alemania

Alemanian, sekretu ofizialak desklasifikatzeko 30 urteko epea ezartzen du legeak. Normalean barne eta kanpo espioitzakoak edo agiri militarrak izaten dira.

Hala ere, 2017ko erreformaren arabera, espioitzako arduradunek ez desklasifikatzea erabaki dezakete, salbuespen sorta bat betez.

Italia

Sekretu ofizialen iraupena 15 urtekoa da, baina epea agortzen denean, Gobernuak 30 egun ditu luzatu ala ez erabakitzeko. 30 urtera arte luzatu dezake, baina denbora tarte hori gainditu gabe.

Lehen ministroak sekretu ofiziala beti arrazoitu beharko du Errepublikako Segurtasun Batzordearen aurrean. Sekretu ofizialak kudeatzen dituen batzorde parlamentarioa da.

Erresuma Batua

Erresuma Batuan, Sekretu Ofizialen Legeak Gobernuko informazioaren filtrazioa eta espioitza eragozteko helburua du. Exekutiboko funtzionario guztiak, segurtasun zerbitzuetako langileak, epaileak, poliziak, indar armatuetako kideak edo Exekutiboarekin kontraturen bat duten pertsonak araudiaren menpe daude.

Gobernuko agiri garrantzitsuak 30 urteren buruan soilik argitara eman daitezke, baina herrialderen irudiari, segurtasun nazionalari edo kanpo harremanei kalte egin diezaiekeela erabakitzen baldin badute, epea luzatu dezakete.

AEB

Ameriketako Estatu Batuek ez dute Sekretu Ofizialen Legerik, eta informazioa argitaratzea orokorrean ez da legez kanpokoa, baina defentsako agiri sekretuak babesteko zenbait lege dituzte, eta epaitegiek bakarrik jo dezakete informazio bat argitaratzea arriskutsu bezala.

AEBko Gobernuak hiru maila ditu: informazio konfidentziala, sekretua eta sekretu gorena. 2009ko dekretu baten arabera, 25 urte igarota automatikoki desklasifikatzen dira.

Baina segurtasun nazionalarentzako mehatxua izaten jarraitzen badu, argitaratzea (erabat zein partziala) 50 urtera arte luza daiteke.

Azkenik, informazio oso garrantzitsuaren kasuan; hala nola agente baten nortasuna ala suntsipen handiko arma baten diseinua, agiria 75 urtez gorde dezakete.

Belgika

Belgikan, lege batek dokumentu garrantzitsuak babesteko marko orokorra sortu zuen 1998an. Informazioa baimenik gabe zabaltzen denerako zigor handiak aurreikusi zituen araudiak, baina ez zuen desklasifikatzeko prozedurarik finkatu.

Ecolo eta Groen alderdi ekologistek lege-proiektua proposatu dute orain dela gutxi. 20, 30 edo 50 urteko epean agiria zabaltzea planteatu dute, konfidentziala, sekretua edo oso sekretua mailen arabera. Defentsa eta Atzerri ministerioek erabilitako mailak dira.

Desklasifikatzeko agintarien babes esplizitua beharrezkoa izango da. Epea agortu baino sei hilabete lehenago hartu beharko dute erabakia. Hala ere, Parlamentu federalaren kontrolpean, hamar urterik behin luzapenak eska ditzakete. Guztira, sekretuek ezin dute gainditu 100 urteko langa.