Ameriketako Estatu Batuak
Donald Trumpek agiri sailkatuak eraman zituen etxera, miaketa-aginduaren arabera
EITB MEDIA
Baliteke Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak Espioitza Legea urratu izatea, Justiziaren lana oztopatzeaz gain.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak agiri sailkatuak eraman zituen etxera, ostiralean argitaratu duten miaketa-aginduaren arabera. Hori dela eta, baliteke Trumpek Espioitza Legea urratu izatea, Justiziaren lana oztopatzeaz gain.
Merrick Garland demokratak, AEBko fiskal nagusia bera, eskatu dio epaileari miaketa-aginduak eta jasotakoaren inbentarioak sumario-sekretupean egoteari uzteko; izan ere, Trumpek etxebizitza du Mar-a-Lagon, Floridan, eta FBIk sarekada egin zuen bertan. Trumpek onartu egin zuen agindua argitaratzea, eta hala egin dute. Bertan adierazita dagoenez, hiru balizko krimen egozten dizkiote: Espioitza Legea hautsi izatea, Justizia oztopatzea eta agiriak suntsitzea. Zigortuko balute, isunak jaso litzake, baina baita kartzela-zigorrak ere; kargu politikoetan izateko gaitasunik gabe utz lezakete, halaber.
Inbentarioak zehazten duenez, konfiskatutako informazioan 26 kutxa daude, zenbaki banak etiketatuta, bai eta agirietako eta argazkietako hainbat karpeta; horiek "goi-sekretua" edo "isilpeko informazioa" etiketak dituzte. Tartean, "Frantziako presidentea" izenburua duen dokumentu bat dago, bai eta beste bat Roger Stone Trumpen isil-mandatariaren indultua eskatzen duena ere. Beste zenbait agirik ez dute deskribapenik.
Bruce Reindhart Palm Beacheko epaileak abuztuaren 5an onartu zuen agindua, sarekada egin baino hiru egun lehenago, eta hilaren 19ra arteko epea ematen zion FBIri miaketa egiteko. FBIk zer konfiskatu ahal zuen ere dago zehaztuta aginduan: "sailkatua" marka zuen edozein dokumentu edo kaxa, segurtasun nazionalaren gaineko daturik edo informaziorik eman izatearen edozein zantzu, eta 2017ko urtarrilaren 20tik 2021eko urtarrilaren 20ra arteko epean sortutako edozein presidente-artxibo (Trump bi data horien artean izan zen presidente).
Mar-a-Lagoko ezaugarriak ere zehazten ditu aginduak. Luxuzko etxe horrek 58 bat logela eta 33 bat bainugela ditu, 6,8 hektareako jabetza batean dago kokatuta, eta baimena ematen zien agenteei "45. bulegoa" ere miatzeko; zenbaki horrek Trump AEBko historiako 45. presidentea izateari egiten dio aipamena.
"Ezer ez zegoen sailkatuta", dio Trumpek
Truth sare sozialean, Trumpek bere burua aldeztu du: "Lehenengo eta behin, ezer ez zegoen sailkatuta. Horrez gain, ez zuten zertan ezer konfiskatu, edonoiz lor zezaketen, politikarik egin gabe edo Mar-a-Lagon sartu gabe. Dena biltegi ziur batean zegoen. Galdetzea besterik ez zuten".
Ostiral honetan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Artxibo eta Miaketa Administrazio Nazionalak adierazi du Barack Obamak, Trumpen aurrekoa bera, ez zuela dokumenturik bereganatu Etxe Zuritik 2017an, hau da, utzi zuenean. Trumpek, aldiz, kontrakoa esan zuen.
Gainera, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak egotzi dio Trumpi "lege-indarren aurkako erasoak bultzatzea, miaketa eginda FBIri egindako kritikengatik; esan duenez, gauza bera egin zuen Trumpek 2021ko urtarrilaren 6an Kapitolioan egindako erasoan. Ostegun goizean, gizon bat FBIk Cincinnati hirian (Ohio, AEB) duen bulegoan sartzen ahalegindu zen, ikertzen ari dira zein helbururekin, eta Poliziak hil egin zuen.