Itxi

Denboralea Mediterraneoan

Denborale gogor batek Austria, Korsika eta Italia zeharkatu ditu, 12 pertsona hil, eta kalte ugari eraginda

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bosna pertsona hil dira Korsikan eta Austrian, eta bi, Italian. Dozenaka pertsona zauritu dira hiru herrialdeetan, eta kalteak handiak dira. Ekaitzak, euriak eta haize ufada bortiztek Europa erdialderako bidean jarraitzen dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euri, haize eta ekaitz denborale bortitz batek Austria, Korsika uhartea eta Italia iparraldea astindu ditu eta hamabi pertsona hil dira.

Korsikan bost lagun hil dira eta beste hainbat zauritu bi kanpinetan, ekaitz bortitzen ondorioz.

Autoritateek egindako balantzearen arabera, hildakoen artean daude, besteak beste, 13 urteko neskato bat, 72 urteko emakume bat eta 46 urteko gizon bat.

Bungalow baten gainean zuhaitz bat erori zenean hil zen adingabea Sagoneko kanpin batean. Emakumeak, berriz, Liamoneko hondartzan galdu du bizia, Coggian, teilatu batek jota, autoa bidatzen zuen bitartean.

Orduko 200 kilometro arteko haizeak eragindako ekaitz bortitzek kalte handiak eragin dituzte irlan, eta 45.000 etxe elektrizitaterik gabe geratu dira.

Zuhaitzak erorita Korsikan

Ekaitzak Italia kolpatu du

Korsika zeharkatu ondoren, masa ekaiztsua Italiara iritsi da, eta, batez ere, iparraldeko eta erdialdeko eskualdeak astindu ditu. Han, bi pertsona hil dira, eta ia hogei zauritu ekaitzaren ondorioz.

Hildakoak, gizon bat eta emakume bat, zuhaitz bana gainera erorita hil dira Toscanan, lehena Luccan, eta bigarrena, Carraran.

Denboralearen ondorioak Italian. EFE

Hemezortzi lagun zauritu dira Italian denboralearen ondorioz, horien artean karabana batean harrapatuta geratu zen pertsona bat, larri zauritu dena, baita zuhaitz batek arrastaka eraman eta Versiliako ospitale batera eraman behar izan duten pertsona bat ere, Toscanan hura ere.

Toscanaz gain, kaltetutako beste eskualde batzuk Piamonte, Liguria eta Emilia-Romaña izan dira; horietan ekaitzek eta haize bolada bortitzek -120 km ordurainoko ufadekin- uholdeak eragin eta teilatuak, azpiegiturak eta zuhaitzak eraitsi dituzte.

Eskualde horietako hainbat hiritan, aldi baterako zirkulazioa eten behar izan da eroritako zuhaitzengatik eta ibaiengatik, eta, kasu batzuetan, Florentzian adibidez, tranbiaren zirkulazioa ere eten egin da.

Venezian San Marco basilikatik gertu dagoen eremua hesitu behar izan dute, eta bisitariak bertatik atera dituzte kanpandorreko zati batzuk askatu eta plazara erori ondoren.

Bi ume hil dira Austriako hegoaldean

Bestalde, bi haur eta hiru heldu hil dira ostegun honetan Austriako hegoaldean, ekaitz elektriko batek eragindako haize bortitzek bi zuhaitz bota ondoren. Gainera, ekaitzak 15 zauritu eragin ditu gutxienez, horietako bi, larri.

Ostegun arratsaldean antzeman dituzte biktimak, Sankt Andrä herrian eta izen bereko lakuan, Carintia hegoaldeko estatuan. Gurutze Gorria eta Suhiltzaileak ustezko desagertuen bila ari ziren bertan zenbait arropa topatu dituztelako ur gainean flotatzen.

Ekaitz elektrikoek arazoak eragin zituzten aurretik ere Carintiako errepideetan eta Estiriako eskualde mugakidean. Bertan, eraitsitako zuhaitzek eta elektrizitate mozketek trafikoaren itxiera behartu zuten, autobideko zenbait zati eta tuneletan.

Bideoak (1)