Itxi

FENOMENO METEOROLOGIKOAK

1.000 lagun hil, eta 500.000 kanpamenduetara eraman behar izan dituzte Pakistanen izandako uholdeengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

110 udalerri kaltetu ditu urak, horietatik 20 urpean utziz. 950.000 etxebizitzak ere kalteak izan dituzte, eta kalte materialak, oro har, 3.000 milioitik gorakoak izan daitezke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

1.033 pertsona hil dira Pakistanen, azken asteotako ari diren euri jasen ondorioz, agintariek baieztatu dutenez. Sindh probintzia da kaltetuena, herrialdearen hegoaldean. Bertan, 20 herri geratu dira urpean.

110 udalerri kaltetu ditu urak, eta horietako 72 hondamendi-eremu izendatu dituzte. Euriteek 5,7 milioi pertsona kaltetu dituzte zuzenean, baina egoera orokorra kontuan hartuta, 33 milioi pertsonari eragin diete.

Sorospen kanpalekuetara eraman dituzten 498.000 pertsonak daude une honetan egoera larrienean.

Kalte materialak 3.000 milioi euro ingurukoak dira. Ia 950.000 etxebizitza partzialki edo erabat suntsituta geratu dira, 720.000 abelburu baino gehiago hil dira, ia 3.500 kilometro errepidetan kalteak izan dira, eta 150 zubi erori dira.

Haurrak uholde arrastoetan bainua hartzen Quettan, Pakistanen. Argazkia: EFE

Sherry Rehman, Aldaketa Klimatikorako ministroak adierazi du "gerra bulegoa" antolatuko duela Shabhaz Sharif lehen ministroak "euri izugarri hauei aurre egiteko".

"Pakistan bere zortzigarren montzoi zikloa bizitzen ari da; normalean montzoi euriaren hiruzpalau ziklo izaten ditugu. Honek ez du aurrekaririk, eta aztertzen ari garen datuek aditzera ematen digute datorren hilean beste ziklo bat izan dezakegula, bederatzigarrena", ohartarazi du.

Bideoak (1)