Itxi

palestina

Israelek onartu du "litekeena" dela bere militarretako batek Shireen Abu Akleh hil izana

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Israelgo Defentsa Indarren ikerketa baten arabera, Ejerzitotik zetorren tiro batek hil ahal izan zuen kazetaria iragan maiatzean.

Shireen Abu Akleh kazetaria. Artxiboko argazkia: EITB Media

Israelgo Defentsa Indarrek adierazi dute litekeena dela euren militarretako batek Shireen Abu Akleh kazetaria hil izana; "aukera asko" daudela. Maiatzean hil zen buruan tiro bat jasan ondoren, Yeninen (Zisjordania) istiluen berri ematen ari zela.

Orain arte, israeldar autoritateek uzkur egin zioten gertatutakoaren ardura onartzeari eta, hasieran, hipotesi nagusitzat hartu zuten kazetaria palestinarrek hil izana.

Hala ere, Ejerzitoak egindako barne ikerketak zehaztu duenez, segurtasun osoz jakin ez arren nork egin zuen tiro, "aukera asko" zeuden defentsa indarren tiroetako batek Shireen istripuz jotzeko.

Azaldu du palestinar "susmagarriei" zeudela zuzenduta tiroak eta, borrokaldi horietan zehar, israeldar militarrek aurre egin zietela tiro "hilkor, hedatu eta indiskriminatuei", 'The Jerusalem Post' agerkariak jasotako bozeramaile baten testigantzaren arabera.

Abu Aklehk prentsa langile gisa identifikatzen zuten txalekoa eta kaskoa zeramatzan, eta tiro batek jo zuen buruan. Zisjordanian egin zioten hiletak ere polemika eragin zuen, israeldar defentsa indarrek hilkutxa zeramaten pertsonen aurka egin baitzuten.