Itxi

MANDATU FORMALA

Liz Trussek Erresuma Batuko lehen ministro kargua hartu du, eta krisi energetikoaren aurkako neurriak agindu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Elisabet II.ak Downing Streeteko 10. zenbakiko maizter berria gonbidatu du kargua onartzera, horrela botere-eskualdaketari amaiera emanez, eta Trussi gobernu berri bat osatzeko eskatu dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Liz Truss politikari kontserbadorea Erresuma Batuko lehen ministro berria da dagoeneko, Elisabet II.a erreginaren mandatu formala jaso eta gero. Kargua betetzen duen hirugarren emakumea da.

Erreginak Downing Streeteko 10. zenbakiko maizter berria gonbidatu du kargua onartzera, horrela botere-eskualdaketari amaiera emanez, eta Trussi gobernu berri bat osatzeko eskatu dio, datozen orduetan iragarriko dena.

Winston Churchillengandik Liz Trussenganaino, Ingalaterrako erreginak 12 gizon eta hiru emakumeri eman die gobernua osatzeko ardura bere erregealdia hasi zuenetik, 1952an.

Erresuma Batuko 'premier' berria Isabel II.a erreginaren Eskoziako etxalde pribatura iritsi da, Hugh O 'Leary senarrarekin batera, eta bertan 30 minutu eman ditu erregearekin batera, BBC telebistak jaso duenez.

Erreginaren mugikortasun arazoak direla eta, protokoloa lehen aldiz aldatu da Erresuma Batuko historian, eta orain arte Buckinghamen egiten zen topaketa Eskozian ospatu da.

Lehen ministro berriaren lehen diskurtsoa

Gobernuburu gisa egindako lehen diskurtsoan, akzio azkarrak agindu ditu Trussek, energiaren prezioen igoeraren aurka borrokatzeko eta zergak murrizteko konpromisoa betetzeko.

Bere lehentasun nagusiak aletu ditu Trussek. % 10 gaineko inflazioari aurre egin behar dio, eta "murrizketa fiskalen eta erreformen bitartez ekonomia bultzatzeko planak" nabarmendu ditu.

Halaber, lehen ministro berriak azpimarratu du osasun sistema britainiarra (NHS) ere baduela lehentasunen artean.

Asteazken goizean egingo dio aurre Trussek Komunen Ganberako lehen kontrol saioari. Bertan, Keir Starmer laboristarekin, oposizioko liderrarekin alegia, eztabaida izango du.

Johnsonen agurra

Bestalde, orain arte Erresuma Batuko lehen ministro izan denak, Boris Johnsonek, herrialdeak bizi duen egoera zailaren aurrean, "erabateko babesa" agindu dio Liz Trussi astearte honetan Downing Streetetik alde egin aurreko bere azken hitzaldian.

"Hauxe da dena, lagunok", adierazi du Johnsonek, eta, gerora, Eskoziara abiatu da, Elisabet II.a erreginarekin biltzeko, dimisioa ematea helburu. Arratsaldean utziko du ofizialki kargua eta Trussi, Alderdi Kontserbadoreko buruzagi berriari, lekukoa emango dio.

Hitzaldian argi utzi du "Gobernu honi erabateko laguntza eta babesa" eskainiko dizkiola, eta nabarmendu du herrialdeak une gogorrak bizi dituela, baita familiek ere. Dena dela, Johnsonen esanetan, egoera "gaindi dezakegu eta gaindituko dugu", eta toriei eskatu die "politikarekin amaitzeko" eta Trussi babesa emateko "herritarrei erantzunak emate aldera". "Hori da jendeak nahi duena, behar duena eta merezi duena", gaineratu du.

Gobernuaren buru gisa egindako lana ere azpimarratu nahi izan du orain arte Erresuma Batuko lehen ministro izan denak, "1987tik izandako gehiengo zabala eta 1979tik izandako boto-kopururik handiena barne", baita "brexita gauzatzea", "herritarrei laguntzea", "Erresuma Batuak munduan duen pisua bermatzea" eta "AEBekin eta Ukrainarekin argi eta garbi hitz egitea".

Putinentzako hitzak ere izan ditu. "Herri honek eutsiko dio eta irabaziko dugu. Putinek uste badu arrakasta izan dezakeela britainiar herriari xantaia eginez edo jazarriz, erabat nahastuta dago, eta arrazoia da funtsak izango ditugula orain eta etorkizunean, kontserbadoreek ulertzen dutelako gobernuaren ekintzaren eta sektore pribatuko enpresaren arteko simetria merkatu kapitalista batean", adierazi du.

Azkenik, Johnsonek esan du "batasunak indar handia duela herrialdean", eta gogoratu du badirela batasun hori hausten saiatzen jarraituko dutenak, baina inoiz ez dutela lortuko. Gainera, eskerrak eman dizkie herritarrei eta boto-emaileei kargua hartzeko "aukera emateagatik", eta gaineratu du elkarrekin "etorkizunean eutsiko dioten oinarriak" ezarri dituztela.

Albisteak (2)

Bideoak (1)