Energia-krisia
Errusiako gasari topea jartzea eta energia-konpainiei diru-sarrerak murriztea proposatu du Europako Batzordeak
EITB MEDIA
Argindarreko aurrezte derrigorrezkoa ezartzea eta, kontuan izanik gas-prezioak oso hegakorrak direla, likidezia-arazoak dituzten energia-enpresei laguntzea ere proposatu du Batzordeak.
Europako Batzordeak bost ekimen proposatu ditu asteazken honetan, energia-prezio "astronomikoei" aurre egitea helburu. Besteak beste, Errusiako gasari topea jartzea, energia-konpainiei diru-sarrerak murriztea eta argindarreko aurrezte derrigorrezkoa ezartzea proposatu du Europako Batzordeak.
Horrez gain, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak prentsaurrekoan azaldu duenez, beste proposamen bat da, kontuan izanik gas-prezioak oso hegakorrak direla, likidezia-arazoak dituzten energia-enpresei laguntzea.
"Ezohiko egoera bati egin behar diogu aurre, Errusia ez baita hornitzaile fidagarria, eta energiako merkatuak manipulatzen ari da", argudiatu du Von der Leyenek. Ostiralean, Europar Batasuneko Energia ministroak Bruselan bilduko dira, eta hurrengo pausoak adostuko dituzte.
Von der Leyenek berretsi du Vladimir Putinen erregimenak europar herritarrei xantaia egiteko baliatzen duela energia; halaber, nabarmendu du Europar Batasuneko Estatuek "batasuna" eta "elkartasuna" erakutsi dituztela egoerari aurre egiteko, Ukrainako inbasioa hasi zenetik, hau da, azken sei hilabeteotan.
Bruselako proposamenaren beste gakoetako bat da argindarraren prezioa zehazten duten maximoak geldiaraztea; horretarako, Von der Leyenek eskatu du puntako-orduetako kontsumo elektrikoa murrizteko helburu derrigorrezkoa: "Eskaria murriztu behar dugu, zentzuz", adierazi du, eta gogora ekarri du mundu-mailan energia-eskasia dagoela.
Neurriak, banan-banan
Testuinguru honetan, Von der Leyenek adierazi duenez, neurri nagusia da proposamen bat Errusiako gasaren eroste-prezioa mugatzeko. Horren helburua "oso argia" da: "Ukrainan duen gerra krudela finantzatzeko Putinek baliatzen dituen diru-sarrerak murriztea".
Von der Leyenek ziurtatu du gasaren preziorako tope hori "segituan" izan litekeela indarrean, eta gehitu ere gehitu du Batzordea aztertzen ari dela itsasontziz iritsitako gas natural likidotuaren prezioei ere muga ezartzea; hori bai, hori ez da Estatu kideei proposatutako bost neurrietako bat.
Bigarrenez, Bruselak proposatuko die Estatuei "elektrizitatea kostu txikian ekoizten dutenen onuren gaineko muga bat", esaterako, energia berriztagarriei, nuklearrari edo hidraulikari, "kontuan izanik espero gabeko diru-sarrerak ari direla izaten. Amestu ere ez zituzten sarrera horiek, eta ezin dituzte horren azkar inbertitu. Gainera, ez dituzte islatzen euren ekoizpen-kostuak".
"Bada garaia kontsumitzaileek etekina ateratzeko ikatzean baxuak diren energia-iturrietako kostu txikietatik; adibidez, berriztagarriak daude egoera horretan. Beraz, proposatuko dugu espero gabeko onura horiek bideratzea, familia eta enpresa zaurgarriak babesteko", justifikatu du.
Europako Batzordeko beste proposamen bat da sartzea "elkartasun-zerga" ezartzea petrolio- eta gas-konpainien gainean, baldin eta krisi honetan "onura handiak" izaten ari baitira. Honela, beste onura batzuk eskuratuko dituzte, eta horiek familientzako eta enpresetarako izango lirateke.
Laugarrenez, eta uztailean EBko herrialdeek adostutako % 15eko gas-aurrezte boluntarioarekin lotuta, Bruselak orain proposatu du eskari handiko uneetan kontsumo elektrikoa derrigorrez murriztea: "Estrategia behar dugu, argindarraren prezioa bultzatzen duten tarteetarako. Tarte horietako erabilera murrizteko derrigorrezko helburua proposatuko dugu", zehaztu du.
Bosgarren eta azken ekimenaren xedea da energia-konpainia jakin batzuei laguntzea; hain zuzen, likidezia-arazoak dituzten konpainiei, kontuan izanik merkatuak oso hegakorrak direla: "Horrek salerosteko duten gaitasuna mehatxatu egiten du, bai eta etorkizuneko merkatuetako egonkortasuna ere".
Ildo horretan, Bruselak eguneratu egingo du Estatu laguntzetako aldi baterako markoa; hala, Estatu kideek "azkar" garatu ahal izango dituzte abal publikoak, empresa hauek laguntze aldera.
Ostiralean, Ezohiko Kontseilua
Ostiralean, EBko Estatuetako Energia ministroek Ezohiko Kontseilua egingo dute Bruselak; Batzordeak proposatutako neurri-sorta hau eztabaidatuko dute, eta herrialdeen proposamenak ere izango dituzte aztergai. Helburua da "aste batzuk barru" energia-prezioak merkatzeko baliabideak izatea eskura; izan ere, merkatu elektrikoa sakonean erreformatzeko, denbora luzeagoa beharko dute.