Itxi

Energia krisia

Erresuma Batuak energiaren faktura bi urtez izoztuko die herritarrei, urtean 2.500 liberara mugatuz

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Liz Truss lehen ministro britainiarrak krisi energetikoari aurre egiteko plana aurkeztu du. Bi neurri nagusi izango dira: batetik, fakturaren izoztea urritik aurrera, eta bestea, petrolio eta gas zundaketa berriak egitea, frackinga barne.

Truss, Downing Streeteko 10.etik ateratzen. Argazkia: EFE

Energia krisiari aurre egiteko egitasmoa aurkeztu du gaur Komunen Ganberan Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro berriak. Bi neurri nagusi izango ditu planak. Batetik, herritarrei energiaren faktura bi urtez izoztuko diete, urtean 2.500 liberara (2.874 euro) mugatuta. Bestetik, iragarri du petrolio eta gas zundaketa gehiago egingo dituztela, eta frackinga erabiltzearen debekua kenduko du.

Urriaren 1etik aurrera eta bi urtez, energia faktura izoztuta izango dute kontsumitzaileek. Neurriak "ziurtasuna" emango die herritarrei, eta hazkunde ekonomikoa "bultzatu", Trussen hitzetan. 

Gobernu britainiarrak "negozio guztiei, ongintzako erakundeei eta sektore publikoko enpresei lagunduko die euren kostu energetikoak murrizte aldera, eta sei hilabeteko bermea eskainiko die", esan du Trussek. Behin epe hori igarota, "sektore zaurgarrienei, ostalaritza kasu, babes gehiago eskainiko diegu". Konpainiei energia kontsumoan efizienteagoak izateko deia egin die, halaber. 

Gobernu kontserbadoreak egindako kalkuluen arabera, urtean 1.000 libera aurrezteko modua izango dute herritarrek. Izan ere, espero zen urritik aurrera faktura % 80 garestitzea. Izoztea ezartzeko, Estatua zorpetu egingo da.

Egitasmoaren bigarren habea frackinga erabiltzearen debekua kentzea izango da. Ingalaterran, haustura hidraulikoa edo frackinga erabiltzeko debekua zegoen, baina buruzagi kontserbadoreak iragarri du sei hilabete barru debekua bertan behera utziko duela. 

Asteartean hartu zuen Trussek lehen ministro kargua, eta aurpegi berriz inguratu da Boris Johnsonen aroa atzean uzteko.

Albisteak (2)