ELIZABETH II.a
Charles III.ak Buckinghamen bilduko ditu munduko 500 estatuburu eta agintari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Charles III.a izan da anfitrioi igande honetako ongietorri ekitaldian. Buruzagi eta estatuburu nagusiek Elizabeth II.aren hil-kapera bisitatu dute egunean zehar, bertatik Londresko kaleetan ilara egin duten milaka pertsona igaro bitartean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur heldu dira Erresuma Batura astelehenean Elizabeth II erreginaren hiletara joango diren Estatuko buruak eta munduko agintariak. Charles III erregeak Londresera gerturatutako buruzagi nagusiak jaso ditu Buckinghameko jauregian igande arratsaldean egindako harrera ekitaldian.
Dagoeneko Londresen daude Estatu Batuetako lehendakaria, Joe Biden; Frantziakoa, Emmanuel Macron; Alemaniakoa, Frank-Walter Steinmeier; Italiakoa, Sergio Mattarella; eta Europako Batzordeko lehendakaria, Ursula von der Leyen.
Emmanuel eta Brigitte Macron Westminster Hallen. Argazkia: EFE.
Japoniako Naruhito eta Masako enperadoreak eta Txinako Wang Qishan presidenteordea ere heldu dira Ingalaterrako hiriburura.
Europako errege-familia nagusietako kideek ere herrialdera bidaiatu dute eta Elizabeth II.aren hiletan egongo dira, hala nola Espainiako errege-erreginak, Felipe VI.a eta Letizia. Juan Carlos errege emeritua Abu Dabhitik helduko da Erresuma Batura.
Nazioarteko ordezkaritzetako agintari eta ordezkariek egunean zehar Westminster jauregiko hil-kapera bisitatu dute, bertatik Londresko kaleetan ilaran jarraitzen duten milaka pertsona igarotzen diren bitartean.