EUROPAR BATASUNA
Europak bertan behera utzi nahi ditu Hungariarentzako dirulaguntzak zuzenbide estatua urratzeagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordearen arabera, Viktor Orbanen Gobernuak irregulartasun sistematikoak egiten ditu kontratu publikoetan, eta ez du kontrolik ustelkeriaren aurka.
Europako Batzordeak Hungariari Europako funtsen ordainketa etetea proposatu du, zuzenbide estatuaren printzipioak etengabe urratzeagatik. Kontratazio publikoko prozeduretan iruzurrak egitea eta ustelkeriaren aurka ez aritzea leporatzen diote Hungariako Gobernuari. Hala eta guztiz ere, Hungariak iragarri du Europako Batzordearekin negoziatzen jarraituko duela mozketa hori ekidite aldera.
Europar Batasuneko Exekutiboak 7.500 milioi euroko dirulaguntzak izoztu nahi ditu, Hungariari dagozkion kohesio funtsen "heren bat baino gehiago", Johannes Hahn Europako Aurrekontu komisarioak prentsaurreko batean jakitera eman duenez.
Europako Batzordeak akatsak atzeman eta espedientea aktibatu zion Hungariari eta orain, urrats hau ematea erabaki dute Viktor Orbanen Gobernuak agindutako erreformak ezarri arte.
Hahnek gogorarazi duenez, apirilean, Europako Batzordeak Hungariako agintariei ohartarazi zieten ikusitakoak kezka eragiten ziela eta ez zutela ziurtasunik Europako dirulaguntzak behar bezala erabiliko ote zituzten.
Zehazki, honako gabezia hauek aipatu zituzten: irregulartasun sistematikoak eta kontratazio publikoak egitean, eremu publikoan egon daitezkeen interes gatazken tratamenduan, ikerketen jarraipen eraginkorra egitean eta ustelkeriaren aurkako borrokan.
Uztailean, Batzordeak Hungariari jakinarazi zion EBko gainerako herrialdeei neurriak hartzea proposatuko ziela EBko aurrekontua babesteko, arazoak konpontzeko neurri eraginkorrak hartu ezean. Hungariak 17 konpromiso hartu zituen baina ez dira oraindik egikaritu.
Hilabete dute orain EBko herrialdeek funtsak izoztu edo ez erabakitzeko baina epe hori beste bi hilabete ere luza daiteke. Hala, Budapestek abenduaren 21era arte izango luke Europako Erkidegoko agintariei agindutako erreformak abian jartzeko eta prozesua geldiarazteko.
Negoziazioak, dirulaguntzak mantentzeko
Hungariako Gobernuak Europako Batzordearekin funtsen ordainketa negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu du, dirulaguntzen etetea saihesteko. Judit Varga Hungariako Justizia ministroak Facebook sare sozialaren bidez jakinarazi duenez, dagoeneko lorpen batzuk egon dira negoziazioetan: "Norabide onean goaz aurrera. Lanean jarraitzen dugu".
Viktor Orban lehen ministroak, bere aldetik, gobernuak lanean jarraituko duela gaineratu du "hungariarrek dagozkien funtsak izan ditzaten". Era berean, Tibor Navracsics Lurralde Sustapen ministroa, azkenean, funtsen ordainketaren etetea gauzatuko ez delakoan dago.