ELIZABETH II.A
Elizkizun solemne batekin agurtu du Erresuma Batuak Elizabeth II.a
Agentziak | EITB MEDIA
Eguerdian eman zaio hasiera hileta elizkizunari Londresko Westminster abadian. 2.000 gonbidatu baino gehiagok parte hartu dute, tartean, mundu osotik etorritako 500 estatuburu eta errege familietako ordezkari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Erresuma Batuak azken agurra eman dio astelehen honetan Elizabeth II.a erreginari, 2.000 gonbidatu izan dituen estatu-hileta batekin. Ekitaldiak munduko botere-gune nagusietako ehunka ordezkari bildu ditu, tartean 500 estatuburu eta mundu osoko errege-etxeetako kideak.
Egun historikoa bizi izan dute Londresen, 70 urtean aurrekaririk gabeko Estatu hileta elizkizuna egin baitute. Horrenbestez, aro isabeldarrari behin betiko amaiera eman dio Erresuma Batuak gaur, 11 dolu egunen azkena.
Londres kolapsatuta esnatu da, aparteko segurtasun neurriengatik eta erreginari azken agurra emateko bildu den jendetzagatik. Erresuma Batuan 08:00ak zirenean (09:00ak Euskal Herrian) zabaldu ditu ateak Westminster abadiak, Elizabeth II.aren hileta elizkizunean parte hartuko zuten gonbidatuak sartzen has zitezen.
11:45ean Ingalaterrako Elizabeth II.a erreginaren gorpuzkiak zituen hileta-segizioa Parlamentuaren egoitzatik abiatu da Wesminsterreko abadiara.
Hileta elizkizunari 12:00etan eman zaio hasiera, eta ordubete inguru iraun du; tronpeta jotzaileek Erresuma Batu osoan bi minutuko isilunea iragartzearekin bat amaitu da ekitaldia.
13:00ak pasatxo, hilkutxa Westminsterreko Abadiatik atera da, eta hileta-segizioan joan da Wellingtongo arkuraino. Ondoren, Windsor gaztelura eraman dute autoz, eta han ehortzi dute bere senarrarekin batera, Edinburgoko dukearekin batera, alegia.
Hilkutxa 16:00ak aldera iritsi da gazteluaren ingurura. Oinezko prozesio batek Long Walk etorbidearen 5 kilometroak zeharkatu ditu. Ordu erdi behar izan du ibilbidea egiteko. 17:00etan, Elizabeth II.aren gorpuzkiak gazteluko San Jorge kaperan sartu dira; 800 gonbidatu inguruk parte hartuko dute elizkizunean.
Ondoren, hilkutxa kaperako errege kriptara eraman da. 20:30ean Elizabeth II.a senarrarekin batera ehortzi dute, San Jorge kaperan egingo den zeremonia pribatu batean. Errege-familiako kideak bertan izan dira.