Ukrainako gerra
Errusiatik irteteko hegaldiak agortuta eta ehunka atxilotu, Putinek mobilizazio partziala iragarri ostean
EITB MEDIA
Moskutik Istanbulerako eta Armeniako Yerevan hirirako zuzeneko hegaldiak agortu egin dira. Bestalde, mobilizazioen kontrako eskaera batek milaka sinadura bildu ditu dagoeneko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Errusiatik irteteko joaneko hegaldiak erritmo bizian saldu dira asteazken honetan, horietako batzuk agortzeraino, Errusiako presidenteak 300.000 erreserbista Ukrainara borrokatzera bidaliko dituztela iragarri ondotik.
Gerran parte hartzeko adinean dauden gizonei herrialdetik irtetea galaraziko zaien beldur, bilaketak izugarri igo dira Aviasalesen, Errusiako hegazkin txartelak saltzen dituen ataririk ezagunenean, Reuters agentziak jakitera eman duenez. Moskutik Istanbulerako eta Armeniako Yerevan hirirako zuzeneko hegaldiak agortu egin dira, agentziak emandako datuen arabera.
Gainera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak, armadako 300.000 erreserbista mobilizatuko dituela iragarri eta berehala, mobilizazioak deitu dituzte Errusiako hiri guztietan gaur arratsaldeko 19:00etarako. Vesna mugimendu bakezaleak egin du deialdia, "Hilobira ez" lelopean. OVD-Infor eskubide zibilen aldeko elkartearen arabera, 1.000 lagun baino gehiago zeuden atxilotuta, baina zenbateko hori haztea espero dute.
Zazpi hilabeteko borroken ondoren, herritarrek ikusi dute ezin dutela Kremlinen erabakietatik kanpo bizi. "Gerra etxe eta familia bakoitzera iritsi da bat-batean. Agintariek lehenago esaten zuten profesionalek bakarrik borrokatuko zutela, eta haiek irabaziko zutela. Garaitzen ez zutela ikusita, presoak mugara eramaten hasi ziren. Eta bat-batean mobilizazioa deitu da", salatu du Vesna mugimenduak.
Mobilizazioaren aurkako 179.000 sinadura
Mobilizazio partzial edo osoaren aurkako eskaera batek, 179.000 sinadura daramatza bilduak dagoeneko change.org plataforman. Lehendik bilduta zituztenei milaka sinadura batu zaizkie Vladimir Putin Errusiako presidenteak 300.000 erreserbisten mobilizazioa iragarri orduko.
"Gu, Errusiako herritarrak, gizon eta emakumeak, mobilizazio partzial edo osoaren kontra gaudela diogu. Vladimir Putin presidenteak ez dauka eta ezin du izan halakorik iragartzeko legezko oinarririk, ez motibo arrazoitu eta sendorik", dio eskaerak.
Testuak dio errusiarrak ez daudela euren anaia, seme, senar, aita eta aitonak arrisku fisiko eta moralen mende jartzeko prest, "egungo ziurgabetasun egoeran" eta zera gehitzen du, "Eskaera hau Ukrainiako lurraldean operazio militar bereziak iraun bitartean" egongo dela zabalik.