Itxi

Gerra Ukrainan

Ukrainako Armadak aurrera egin du hegoaldean, eta Errusiak atzera-egitea onartu, eta droneekin eraso dio

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ukrainar tropek aurrera egin dute Kherson eskualdean. Hegoaldean, Kharkiv probintzia erabat askatzeko bidean daude, eta Luhansk barrutian ere, herrialdeko ekialdean, aurrerapenak izan dituzte.

Ukrainako Armadak aurrera egiten jarraitzen du. Argazkia: EFE.

Errusiak Ukrainako zati batzuk anexionatzea erabakita eta anexioa gauzatuta, ukrainar armadak horren aurreko erronkari eusten jarraitu dio asteazkenean. Herrialdeko hegoaldean eta ekialdean, ukrainarrek aurrera egin dute, eta Moskuk onartu egin du atzera egin duela; hori bai, adierazi du tropak berriro batzeko mugimendua dela. Bitartean, Kiev hiritik gertu, Errusiak erasoak egin ditu droneak baliatuta.

Ukrainar tropek aurrera egin dute Kherson eskualdean. Hegoaldean, Kharkiv probintzia erabat askatzeko bidean daude, eta Luhansk barrutian ere, herrialdeko ekialdean, aurrerapenak izan dituzte. "Luhanskeko askapena abian da", iragarri du Telegramen Sergiy Gaydayk, eskualdeko administraritza militarreko arduradunak berak. Esan duenez, Ukrainako armadak zenbait kokaleku askatu ditu.

Gaydayk ihes egiteko deia egin die Errusiak okupatutako lurraldeetako biztanleei, hastear dauden borroketan biktimak saihesteko.

Luhansken aurrera eginda, Ukrainak erakutsi du Errusiak anexionatutako lurraldeak ez daudela Moskuren kontrolpean.

Ukrainako Armadak esan du errusiar soldaduak ihes egiten ari direla, baina Moskuk dio Khersonen indarrak biltzen ari direla, ondoren eraso egin ahal izateko.

Errusiar Armadak ohartarazi du "berreskuratu" egingo dituela galdutako hiriak, eta, bien bitartean, "drone kamikazeekin" ari dira eraso egiten.

 

Albisteak (1)