AEB-Errusia
Biden: "Mundua 'Armageddon'etik gertuago dago, gerra nuklearraren mehatxua zuzena da"
Agentziak | EITB MEDIA
AEBko presidenteak azpimarratu du "nahiko ondo" ezagutzen duela Vladimir Putin Errusiako buruzagia, eta jakin badakiela ez dabilela "txantxetan arma nuklearrak erabiltzeko aukera" aipatzen duenean.
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak nabarmendu duenez, Kubako misilen krisiaz geroztik, 1962tik, ez da munduan gerra nuklearra pizteko halako mehatxurik izan, eta uste du Vladimir Putin Errusiako presidentea ez dagoela "txantxetan" arma nuklearrak erabiltzeko aukera aipatzen duenean.
"Kubako misilen krisitik lehen aldiz, arma nuklearrak erabiltzeko mehatxu zuzena dugu gauzek bide honetatik jarraituz gero", azpimarratu du Bidenek ohar batean.
Armageddon pelikula estatubatuarra (apokalipsi nuklearra hizpide zuen) eta Kubako misilen krisia gogora ekarri ditu AEBko presidenteak. 1962an, Sobiet Batasunak Kubako uhartean 42 misil nuklear jarri zituela jakin zuen AEBk, eta Gerra Hotzaren une tentsionatuena bilakatu zen.
Deitoratu duenez, arma nuklearrak taktika gisa erabiltzeak ezinbestean dakar gerra nuklearra.
"Putinek bilatuko duen irtenbidea zein den asmatu nahian nabil. Zein izango da aterabidea? Nola lortuko du Errusiak bere burua zuritzea?", galdetu du.
Bidenen esanetan, "nahiko ondo" ezagutzen du Vladimir Putin Errusiako presidentea, eta hortaz, badaki "txantxetan" ez dabilela arma nuklearrak erabiltzeko aukera aipatzen duenean.