Itxi

eskozia

Sturgeonek "desgobernuari ihes egiteko bide" gisa aurkeztu du independentzia

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Eskoziako gobernuak datorren urtean, 2023ko urriaren 19an, independentziaren aldeko beste galdeketa bat egiteko asmoa du.

Nicola Sturgeon, Eskoziako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE

Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusi eta lider nazionalistak astelehen honetan esan duenez, independentzia "funtsezkoa" da "Westminsterreko desgobernutik" (erakunde britainiarrek Londresen duten egoitza) ihes egiteko. Adierazpenok Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) urteroko batzarraren amaierako hitzaldian egin ditu.

Sturgeon SNPko buruak itxi du nazionalistek Aberdeen hirian (Eskozia) egin duten batzarra, eta adierazi du Eskoziak "behar duen guztia" duela "herrialde independente arrakastatsua izateko".

Hitzaldian, bere gobernuak eskualdeko independentziaren aldeko beste kontsulta bat egin nahi duen unea aurkeztu du erantzun gisa. "Zergatik independentzia, krisi garai batean? Galderan bertan dago erantzuna", esan du, gainezka zegoen eta asko txalotu duen entzuleriaren aurrean.

Sturgeon buru duen gobernuak, datorren urtean, 2023ko urriaren 19an, independentziaren aldeko beste kontsulta bat egiteko asmoa du, "Westminsterren kontroletik eta gobernurik ezetik ihes egiteko funtsezkotzat" aurkeztua.

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak bihar erabakiko du Eskoziako Parlamentuak autodeterminazioari buruzko galdeketaren inguruan bere kabuz, alde bakarretik, legeak egiteko eskumena duen ala ez, Londresek galdeketa baimentzeari uko egingo balio.

Eskoziarrek 2014an eman zuten iritzia, eta Erresuma Batuan jarraitzea erabaki zuen % 55ak, % 45aren parean. Gaur egun, inkestek aldaketa txiki bat erakusten dute, iritzi berdinduagoekin eta gizarte zatitu batekin.