Itxi

Gerra Ukrainan

G7ak "behar den tartean" jarraituko du Ukraina babesten, Errusiaren "gerra krimenen aurrean"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Volodimir Zelenski ukrainar presidenteak Ukrainaren eta Bielorrusiaren arteko mugara nazioarteko begiraleen misioa bidaltzea eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Errusiaren aurkako presio neurri gehiago ezartzeko mehatxua egin dute asteartean G7ko liderrek, aste honetan ukrainar hiri batzuek jasandako eraso indiskriminatuen ostean. G7aren esanetan, "gerra krimenak" izan dira horiek. Nabarmendu dutenez, "behar den tartean" jarraituko dute Ukraina babesten. Bileran, Volodimir Zelenski ukrainar presidenteak ere hitz egin du; Zelenskik eskatu du Ukrainaren eta Bielorrusiaren arteko mugara nazioarteko begiraleen misioa bidaltzea.

Potentzia nagusiak biltzen dituen foroak (Europar Batasuna ere gonbidatu dute) premiazko batzarra egin du, astelehenetik indar errusiarrek gauzatutako erasoak aztergai. Zelenskiren esanetan, Ukrainak ehun misilen baino gehiagoren erasoa pairatu du.

"Ahal bezain irmo salatzen ditugu eraso hauek", dio azken agiriak. Vladimir Putin Errusiako presidenteari egotzi diote erasoen erantzukizuna, eta adierazi dute horrek kontuak eman beharko dituela, otsailaren 24tik, alegia, inbasioa agindu zuenetik egindako ankerkeriengatik.

Ukrainako subiranotasunarekin eta lurralde osotasunarekin G7ak duen konpromisoa "guztiz irmoa" da. Ondorioz, jarraituko dute eskaintzen laguntza "finantzarioa, humanitarioa, militarra, diplomatikoa eta legala": "Konpromisoa dugu Ukraina babesteko, neguaren beharrei aurre egite aldera", adostu dute liderrek.

G7ak asteartean egin du bilera. Argazkia: EFE.

Halaber, "guztiz kezkatuta" agertu dira Nord Stream gasbideek Baltikoan jasandako "nahita egindako akatsengatik", eta indarreko ikerketen alde azaldu; hori bai, ez diote Moskuri egotzi sabotaje hori. Errusiari, baina, leporatu egin diote azken asteotako eskalada: erreserbisten mobilizazio partziala, eta mundu mailako segurtasuna kolokan jartzen duen "erretorika nuklear arduragabea": "Errusiak edozein arma kimiko, biologiko edo nuklear erabiliz gero, ondorio larriak izango dira", adierazi dute.

Bielorrusiaren zeregina

G7aren azken agiriak, halaber, Bielorrusiaren zeregina ere izan du hizpide, nahiz eta, Bloomberg agentziaren esanetan, hori ez zegoen hasierako zirriborroan. Zelenskik, bere hitzaldian, ohartarazita zuen Minskek gerran duen eginkizuna.

Hala, Zelenskik proposatu du nazioarteko begiraleak bidaltzea Ukrainaren eta Bielorrusiaren arteko mugara. Ukrainar presidenteak argudiatu du Mosku saiatzen ari dela Minsk gerran tartean sartzea; aitzakia da Kievek probokazioa egin duela, baina Ukrainak, aldiz, ez du aurreikusten inolako neurri militarrik Bielorrusiaren aurka.

"G7 gisa, mundu demokratikoa garen heinean, erantzun simetrikoa eman behar dugu: Errusiak gure herrialdeetako energia sistemaren eta energia egonkortasunaren aurkako erasoa egitekotan, haren sektore energetikoa blokeatu behar dugu, zigorraz ezarriz", esan du Zelenskik. Eskatu ere eskatu du Moskuk petrolioa eta gasa esportatzen jasotako dirulaguntzen egonkortasunari amaiera ematea.

Bideoak (1)