ERRESUMA BATUA
Liz Trussen dimisioa publikoki eskatzen duten diputatu "toryen" kopuruak gora egin du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez, Alderdi Kontserbadoreko 13 diputatuk adierazi dute ez dutela konfiantzarik gobernuburuarengan hedabideetan edo sare sozialetan.
Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroa gero eta ataka estuagoan dago. Izan ere, azken orduetan, gora egin du bere dimisioa publikoki eskatzen duten diputatu kontserbadoreen kopuruak. Halaber, beste zenbaitek eskaera bera egin dute pribatuan.
Gutxienez, Alderdi Kontserbadoreko 13 diputatuk hedabideetan edo sare sozialetan adierazi dute ez dutela konfiantzarik gobernuburuarengan. Gobernu kontserbadoreak bultzatutako zerga politikak eragindako liskarrak eragin du, besteak beste, Kwasi Kwarteng Ekonomia ministroaren kargugabetzea eta Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroaren dimisioa.
Bertako hedabide batzuek zabaldutako informazioaren arabera, Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberan dituen 357 parlamentarietatik 50ek baino gehiagok helarazi diote liderrarenganako konfiantza galera Graham Bradyri, gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen dituen 1922 Batzordeko buruari.
Alderdiko araudiaren arabera, ezin da buruzagiaren aurkako moziorik antolatu agintean urtebete egiten duen arte. Hala ere, Trussek dimisioa ematea erabaki dezake, baldin eta diputatu gehienen babesa galdu duela jakinaraziko balio Bradyk.
Parlamentari "toryek" ez dute baztertzen araudia aldatzea mozio hori lehenago aurkeztu ahal izateko. Horrelako bozketa bat deitzeko, taldearen % 15ek eskatu behar du. Gaur egun, 54 diputatutan dago langa hori.
Diputatu askok lehen ministroa joatea nahi duten arren (irailaren 6an hartu zuen kargua), beste batzuk beldur dira horrek hauteskunde orokorrak aurreratzea eragingo ote duen. Inkesten arabera, hauteskunde horiek galduko lituzke Alderdi Kontserbadoreak. Hori dela eta, 2024ko hauteskundeak egin arte ordezko bat aurkitzen saiatuko dira.