Itxi

ERRESUMA BATUA

Lizz Truss lehen ministro britainiarrak dimisioa eman du kargua hartu zuenetik 45 egunera

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lehen ministroaren dimisioak Downing Streeten aldaketa berri bat ekarriko du, bosgarrena zazpi urte eskasean. Rishi Sunak, koronabirusaren pandemian Ekonomia ministroa, Trussen lekua hartzeko faboritoa da. Laboristek hauteskunde orokorrak "berehala" deitzea eskatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa eman du. Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian egin duen agerraldian adierazi duenez, bere ondorengoa aukeratu bezain laster utziko dio lehen ministro izateari. Halaber, Alderdi Kontserbadoreko buruzagi gisa ere dimititu du. Dagoeneko bere dimisioa jakinarazi dio Charles III.a erregeari, baina gobernuburu izaten jarraituko du ordezko bat aukeratu arte. "Erresuma Batua egoera ekonomiko egonkor batean mantentzeko erabakirik onena da", esan du.

Trussek azken ordu "zailak" bizi izan ditu Downing Streeteko iturriek baieztatu duten informazioaren arabera. Gutxienez, Alderdi Kontserbadoreko 17 diputatuk eskatu dute bere dimisioa azken asteetako polemikaren ondoren.

Hedabideen aurrean agertu aurretik, lehen ministroa Therese Coffey bere bigarrenarekin batzartu da Downing Streeteko egoitza nagusian. Horrez gain, Graham Brady gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen dituen 1922 Batzordeko buruarekin ere elkartu da.

Elizabeth II.a erreginak Erresuma Batuko lehen ministro izendatu eta 45 egunera eman du dimisioa. Erresuma Batuaren historian karguan gutxien iraun duen gobernuburua da.

Bere aldetik, Trussen dimisioaren berri izan orduko, Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak hauteskunde orokorrak "berehala" deitzea eskatu du. "Argi geratu da Alderdi Kontserbadoreak ez duela jada agintean jarraitzeko mandaturik. Kontserbadoreen 12 urteko porrotaren ostean, britainiarrek ez dute merezi kaosaren ate birakari horretan egotea. Zerbait hobea merezi dute", esan du.

Libera esterlinaren kanbio-tasak eta Erresuma Batuak 10 urterako duen bonu subiranoaren errendimenduak modu positiboan erreakzionatu dute zorraren merkatuetan, dimisioa iragarri ostean.

Downing Streeten aldaketa berri bat

Lehen ministroaren dimisioak Downing Streeten aldaketa berri bat ekarriko du, bosgarrena zazpi urte eskasetan, eta guztiak Alderdi Kontserbadoreko buruzagienak. Alderdi Kontserbadoreak ez du egonkortasunaren tekla aurkitzen inkestetan hondoratzen den bitartean.

1922 Batzordeak, Alderdi Kontserbadoreko buruzagiaren ondorengotza konpontzeaz arduratzen den taldeak, espero du "urriaren 28rako, ostiralerako", Truss Gobernuko agintaritzan ordezkatuko duen pertsonaren izena jakitea, prozesu azkar batean.

Rishi Sunak, koronabirusaren pandemian Ekonomia ministroa, Liz Trussen lekua hartzeko faboritoa da; eta Boris Johnson, berriz, balizko itzulera baterako bidea prestatzen hasi da, eskandaluek inguratuta dimisioa eman eta hilabete gutxira.

Bideoak (1)