Itxi

Erresuma Batua

Johnson eta Sunak, Trussen ondorengo izateko hautagai nagusiak

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Hala ere, Penny Mordaunt Komunen Ganberako buruzagi kontserbadore eta Defentsa ministro ohia izan da bere alderdiko barne-hauteskundeetarako hautagai izateko asmoa baieztatu duen lehena.

Boris Johnson lehen ministro britainiar ohia. Argazkia: Efe

Boris Johnson lehen ministro britainiar ohia eta Rishi Sunak Ekonomia ministro izandakoa dira Liz Trussen ondorengo izateko hautagai nagusiak, bai Alderdi Kontserbadorean, bai Erresuma Batuko gobernuburu izateko.

Trussek dimisioa eman zuen atzo 45 eguneko agintaldiaren ostean, eta Alderdi Kontserbadoreak barne prozesua jarri du abian Downing Streeteko 10. zenbakiko egoiliar berria aukeratzeko.

Hautagaiek asteleheneko 14:00ak arte (Euskal Herriko 15:00ak) dute beren buruak aurkezteko aukera, baina alderdiko ehun diputaturen babesa behar dute gutxienez bigarren itzulira iristeko.

Jada diputatu kontserbadore batzuk agertu dira Johnsonen itzuleraren alde, hautesleen babesa duen bakarra delako, besteak beste, eta pandemian egindako festen ondorioz karguari uko egin zion arren.

Penny Mordaunt. Argazkia: EFE

Sunak da beste faboritoetako bat. Johnsonen ordezkoa aukeratzeko barne hauteskundeetan, udan, bigarren geratu zen Trussen atzetik.

Diputatu askorentzat Sunak da energiaren prezioak eta merkatuen gorabeherek eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko politikari onena; izan ere, hor izango du presidente berriak lan handiena, Trussek zergak murriztu eta gero atzera egin behar izan zuelako.

Penny Mordaunt Komunen Ganberako buruzagi kontserbadore eta Defentsa ministro ohia izan da bere alderdiko barne-hauteskundeetarako hautagai izateko asmoa baieztatu duen lehena.

49 urteko Mordauntek adierazi duenez, "hasiera berri bat, alderdi batu bat eta interes nazionala lehenetsiko duen lidergo bat" nahi duten alderdikide kontserbadoreen babesak bultzatuta hartu du erabakia.

Bi hautagaik lortzen badute 100 diputaturen babesa, alderdiko kideak izango dira aukeratuko dutenak Internetez egindako bozketa baten bidez.

Albisteak (1)