ERRESUMA BATUA
Boris Johnsonek ez du bere burua aurkeztuko Erresuma Batuko lehen ministro izateko
EITB MEDIA
Ekonomia ministro ohi Rishi Sunak da Erresuma Batuko hurrengo gobernuburu izateko faboritoa, Penny Mordauntek, beste hautagaiak, oraingoz ez baitu nahikoa babesik jaso. Mordaunt ehun bermera heltzen ez bada, gaur bertan izan daiteke Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria.
Boris Johnson lehen ministro britainiar ohiak jakinarazi du ez duela bere burua aurkeztuko alderdi kontserbadoreko buru eta Erresuma Batuko lehen ministro izateko. Gaur arratsaldean bukatuko da hautagaitzak aurkezteko epea, eta ia ziurtzat jotzen da Rishi Sunak Ekonomia ministro ohiak ordezkatuko duela dimisioa eman berri duen Liz Truss.
Azken egunetan, Johnsonen izenak indarra hartu du lehen ministroaren kargurako. Gutxienez behar diren ehun bermeak baino bi gehiago eskuratu ditu, beraz, jaso du nahikoa babes. Hala ere, ohar bidez jakinarazi duenez, ez du bere burua aurkeztuko uste baitu ez dela egokia; bere hitzetan, ezin delako modu eraginkorrean agindu, Parlamentuan bat eginda dagoen alderdi bat eduki gabe.
Rishi Sunak Ekonomia ministro ohiak bai, bere hautagaitza baieztatu du, eta bera da faborito. Penny Mordaunt da beste hautagaia. Kalkuluen arabera, momentuz Sunak da behar diren gutxieneko ehun bermeak dituen bakarra; Mordauntek hogei pasatxo lituzke.
Ikusi beharko da Johnsonen alde bozkatzekoak zirenek zein babestuko duten orain, baina Mordaunt ehun bermera heltzen ez bada, gaur bertan izan daiteke Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria.