ERRESUMA BATUA
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro izendatu dute
EITB MEDIA
Erresuma Batuko lehen ministro bihurtu da ofizialki, Charles III.a erregearekin audientzia egin ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Rishi Sunak Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko buruzagia herrialdeko lehen ministro izendatu dute. Atzotik albistea jakina bazen ere, Charles III.a erregearekin bildu ostean hartu du ofizialki kargua.
Downing Streeteko 10. zenbakiko hirugarren maizterra izango da aurten, Boris Johnsonen eta Liz Trussen atzetik. Herrialdearen historiako 57. lehen ministroa izango da.
Iragan astean Liz Trussek dimisioa eman ostean, Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberan dituzten 357 diputatuetatik gutxienez 100ek babestu behar zituzten hautagaitzak. Rishi Sunakek soilik lortu zuen bere alderdikideen nahikoa babes.
Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian egin duen lehen agerraldian, bere Gobernuaren lehentasunak "egonkortasun ekonomikoa" eta Erresuma Batuarekiko "konfiantza" itzultzea izango direla esan du. Nolanahi ere, "erabaki zailak" datozela ohartarazi du.
Sunak bere aurrekoari buruz (Truss) esan du akatsak egin dituela, horiek konpontzeko aukeratu duela bere alderdiak, eta "berehala" hasiko dela lan horretan.
Erresuma Batuko lehen ministro berriaren ustez, Trussek huts egin zuen zorra nola murriztuko zuen zehaztu gabe zergak jaisteko aurkeztu zuen estrategian, eta horrek kontrako iritziak eragin zituen Alderdi Kontserbadorearen barruan eta baita diru merkatuetan ere.
Alderdia eta herrialdea "ekintzekin" batuko dituela esan du, eta "egunez egun" lan egingo duela hitzeman du 2019an Boris Johnsonek gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeetan jendarteak emandako mandatua betetzeko.
Aurreikuspenen arabera, lehen ministro berriak bihar egingo du agerraldia Parlamentuan.
Europako Batzordeak aldebiko akordioak errespetatzeko eskatu dio Erresuma Batuari
Erresuma Batuko lehen ministro izendatu berritan, Rishi Sunak zoriondu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, eta aldebiko akordioak betetzeko eskatu dio. Halaber, nabarmendu du Europar Batasunak eta Erresuma Batuak "harreman sendoa" dutela.
"Gure kontinentearentzat zailak diren garai hauetan, Erresuma Batuarekin harreman sendoa dugu gure balore komunak defendatzeko, eta gure akordioak errespetatzeko", adierazi du Von der Leyenek Twitter sare sozialeko bere kontuan.
Zuzenean bere testuan aipatu ez badu ere, Erresuma Batua Europar Batasunetik irten zenean, bi aldeek sinatutako akordioez ari da Europako Batzordeko presidentea. Horien arabera, Ipar Irlanda Erresuma Batua da, baina merkatu bakarrean eta aduana batasunean jarraitzen du.
Erresuma Batuak Ipar Irlandarako Protokoloa aldebakarrez bertan behera uzteko legea onartu zuen. Europar Batasunak ez dio horri zilegitasunik aitortzen, eta adostutako parametroen barruan irtenbideak bilatzea eskatzen du.