Itxi

Hauteskundeak Brasilen

Lula da Silva Brasilgo presidente izango da berriro

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

Zenbaketaren hasieran Bolsonaro aurretik jarri den arren, Lulak aldea murriztu du, oso gutxika, baina etengabe, Bolsonaroren parera iritsi eta pasa arte, botoen % 50,9 eskuratuz, aurkariak baino 2,1 milioi gehiago.

Lula da Silva, bart, emaitzen berri izan berritan. Argazkia: EFE

Luiz Inacio Lula da Silvak irabazi ditu Brasilgo hauteskundeak Jair Bolsonaro egungo presidentearekin lehia estua izan ostean. Lula presidente izango da berriro, hogei urteren ostean.

Lulak irabazi zuen lehen itzulia, eta bigarren itzulirako faboritoa zen. Hala ere, hauteskundeetako emaitzek erakusten dute hautesleria zeharo erdibituta dagoela; izan ere, botoen % 100 zenbatuta, progresistak % 50,9ko babesa lortu du (60.345.999 boto) eta Bolsonaro ultraeskuindarrak, botoen % 49,1 lortu ditu (58.206.354 boto).

Bozkatzera deituta zeuden 156,4 milioietatik 124 milioik baino gehixeagok eman dute botoa. Parte-hartzea, beraz, 79,42koa izan da, hau da, abstentzioa % 20,58koa izan da. 3,9 milioi boto baliogabeak izan dira, eta 1,7 milioi boto, zuriak.

Bolsonarok Lularen aurretik hasi du zenbaketa. 2,5 puntu baino gehiago ateratzen zizkion aurkariari lehen minutuetan. Hala ere, Lula aldea murrizten joan da, pixkanaka, oso mantso, baina etengabe, tantaka. Zenbaketa % 67an zegoenean, Lulak egungo presidentea gainditu du boto kopuruan.

Une horretatik aurrera, zenbaketa osoan zehar bezala, botoak pilatzen jarraitu du Lulak, pixkanaka, baina atzera egin gabe eutsiz.

2023ko urtarrilaren 1ean agintaldia bere gain hartuko duen Brasilgo presidente berriak bere garaipenaren ondorengo erreakzio labur baina esanguratsua argitaratu du Twitterren, hitz bat, argazki bat.

Hauteskundeak irabazi berritan eman duen lehen hitzaldian, Lula da Silvak brasildar guztientzat gobernatuko duela eta bakea berrezarriko duela agindu du. "Ez daude bi Brasil. Herri bakarra dago, nazio bakarra", adierazi du. Gainera, bere gobernuaren lehentasunetako bat gosearekin amaitzea izango dela aurreratu du.

Brasildarrek azken unera arte sufritu dute, eta tentsioa nabaria zen bataren zein bestearen jarraitzaileen aurpegietan. Azkenean, malkoak jalgi dira, inpotentzia eta tristurazkoak batzuentzat, eta alaitasun eta itxaropenezkoak, besteentzat.

Lularen aldeko bi emakume, hunkituta emaitzei adi. ARGAZKIA: EFE

Bolsonaroren jarraitzaileak, tristuraz negarrez. ARGAZKIA: EFE

Lula garaile Portugalen

Luiz Inacio Lula da Silva Langileen Alderdiko (PT) presidente ohiak irabazi du igande honetan Portugalgo hiru hauteslekuetan. Lisboan, Brasildik kanpoko hautesleku handienean, Lula da Silvak botoen % 64,5 lortu ditu, eta Jair Bolsonaro egungo presidenteak, berriz, % 34,5. Portoko (iparraldea) bozen % 64,8 Lularentzat izan dira, eta Bolsonarok hautesleen % 35,2ren botoa jaso du. Lula da Silvak garaipena lortu du Faron ere (hegoaldean), botoen % 52 eskuratuta. Ultraeskuineko liderrak, berriz, botoen % 48 lortu ditu.

Kontrol polizialak oztopo

Eguna nahastu dute hainbat gertakarik, izan ere Brasilgo Trafikoko Polizia Federalak (PRF, portugesez) 514 esku-hartze egin ditu gutxienez herrialdeko zenbait gunetan, hautesleentzako garraio publikoa egiten zuten ibilgailuak fiskalizatzeko.

Alexandre de Moraes EOTko presidenteak berariaz debekatu zuen larunbatean PRFk hautesleen garraio publikoarekin lotutako edozein operazio egitea, bozketa ez oztopatzeko.

Moraesek adierazi du polizia taldeek ez dutela eragotzi hautesleek beren eskubidea erabiltzea, baina, hala ere, dagoeneko kanporatu dituztela ziurtatu du.

Bestalde, Luiz Inacio Lula da Silvaren Langileen Alderdiak (PT) Errepideetako Polizia Federaleko zuzendaria atxilotzeko eskatu du, hauteskundeak oztopatzeagatik.

Era berean, Human Rights Watch (HRW) kezkatuta agertu da atxikipenengatik.

Albisteak (1)