UKRAINAKO GERRA
Kieveko hainbat auzo argirik eta urik gabe geratu dira Errusiako tropen eraso baten ondotik
EITB MEDIA
Aireko defentsa sistemak aktibatuta daudela jakinarazi du alkateak, eta "izurik ez izateko" deia egin die herritarrei. Halaber, leku seguruetan babesteko eskatu die.
Ukrainako agintariek astelehen honetan ohartarazi dutenez, Kieveko gune batzuk argindarrik eta edateko urik gabe geratu dira, Errusiako indarrek garrantzitsuak diren instalazio eta azpiegituren aurka bonbardaketak egin ostean.
Hala baieztatu du Telegram sare sozialean Vitali Klitxko hiriko alkateak, eta azaldu du ur falta Errusiako armadak egindako azken erasoen ondorio direla. Kievek esan die aireko defentsa abian dela, eta herritarrei eskatu die "izurik ez izateko" eta babestokiak bilatzeko. Agintariek emandako azken berriak adi entzuteko ere eskatu die.
Agintarien arabera, eskualdeko hainbat puntutan izan dira leherketak, baita Txerkasi eta Zaporizhia inguruetan ere, eta azken horietako eraikin zibiletan kalteak eragin dituzte.
Azken asteetan, Errusiako tropek areagotu egin dituzte Kieven kontrako erasoak, bereziki kamikaze droneekin egindakoak eta energia azpiegituren eta beste jomuga zibil batzuen aurkakoak.
Moskuk argudiatu duenez, eraso horiek urriaren erdialdean Krimeako penintsula anexionatuan izandako zisterna-kamioi baten leherketari emandako erantzuna dira. Errusiak Ukrainari egozten dio haren egiletza.