Itxi

Ukrainako gerra

Errusiak alde egin du Kherson hiri ukrainarretik

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Errusiako Armadak alde egin behar izan du Ukrainako soldaduen aurrerapausoak direla eta. "Defentsa lerroa Dnieper ibaiaren ezkerraldera lekualdatzea proposatu dut", iragarri dio Serguei Surovikin Errusiako Armadak Ukrainan duen buruak, Serguei Shoigu Defentsa ministroari.

Tankeen aurkako hesiak Khersonen. Artxiboko argazkia: EFE

Errusiako Armadak ihes egin du Kherson hiri ukrainar okupatutik, Ukrainako soldaduek azken asteetan egindako aurrerapausoen ondorioz. Erabakiak norabide aldaketa ekar lezake errusiar inbasioan, eta Kievek lurralde okupatuak askatzeko prozesuan. 

"Defentsa lerroa Dnieper ibaiaren ezkerraldera lekualdatzea proposatu dut", iragarri dio Serguei Surovikin Errusiako Armadak Ukrainan duen buruak, Serguei Shoigu Defentsa ministroari.

Jeneralak azpimarratu duenez, egungo baldintzetan ere ezin da hornitu inguruan dagoen kontingente errusiarra.

Surovikinek urriaren hasieran hartu zuen Errusiako tropa guztien agintea Ukrainan, eta helburu zibilak bonbardatzea leporatu dio etsaien Armadari, eskolak zein ospitaleak.

Eskualdearen eskuineko ertzeko 115.000 biztanletik gora borroka-eremuetatik ebakuatu dituztela esan du.

Surovikinek nabarmendu du 9.500 soldadu ukrainar inguru hil edo zauritu direla abuztutik eskualdean, Ukrainako Indar Armatuek kontraerasoa hasi zutenetik Khersonen.

Mijailo Podolyak Ukrainako presidentearen bulegoko aholkulariak eszeptizismoz erantzun dio iragarpenari. "Ekintzek hitzek baino gehiago diote. Ez dugu Errusia Khersonetik borrokarik gabe joango den zantzurik ikusten", idatzi du aholkulariak Twitterren.

Podolyakek adierazi duenez, oraindik tropa errusiarrak daude Ukraina hegoaldeko hiri horretan, eta erreserba gehiago bidaltzen ari dira. "Ukrainak lurraldeak askatzen ditu bere inteligentzia zerbitzuen datuetan oinarrituta, eta ez telebistan antzeztutako adierazpenetan oinarrituta", erantsi du.

Errusiako soldaduak Khersoneko frontean. Artxiboko argazkia: EFE

Dnieper ibaiko zubiak, suntsituta

Ukrainak baieztatu du Errusiak Dnieper ibaia zeharkatzeko zubiak lehertu dituela. "Okupatzaileek Darivkako eta Tiahinkako zubiak ez ezik, Snihurivkatik Khersonerako irteerako zubia ere suntsitu dute, baita Novokairiko eta Miloveko zubiak ere", azaldu du Sherhii Jlan Khersongo Eskualde Kontseiluko bigarrenak, Ukrinform albiste agentziak aipatuta.

Errusiarrek Khersonen ezarritako agintariek, iragan urrian, eskuineko ibaiertzeko 80.000 herritar inguru Dnieper ibaiaren ezkerreko ertzera ebakuatzea agindu zuten Ukrainako indarrek aurrera egin ondoren.

Duela bi aste, probintziako hiriburua ere sartu zuten nahitaezko ebakuazio egitasmoetan.

Geroago, Dnieper ibaiaren ezkerraldera ere zabaldu zuten neurria, handik 70.000 pertsona ateratzeko.

Kasualitatez, Kiril Stremousov Kherson eskualdeko gobernadoreorde errusiazalea hil da gaur auto istripu baten ondorioz, Valeria Petrusevitx Krimeako Boluntarioak erakundeko buruzagiak jakitera eman duenez.

Ordu batzuk lehenago, Ukrainako iturri ofizialek ez zuten baztertzen errusiarrak Khersonetik erretiratzea, Ukrainako tropei segada bat egiteko asmoz. Ukrainako Armadak ziurtatu du Luhansk eta Donetsk ekialdeko eskualdeetan erasoaldia areagotu duela.

Bestalde, Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ezusteko bisita egin du Luhansk eskualdera, Sergei Kiriyenko Errusiako Presidentetzako goi kargudunak baieztatu duenez.

Gainera, Errusia bere defentsa lerroak indartzen ari da eremu okupatuetan, Ukrainako Indar Armatuen (AFU) erasoaldiari eusteko, bereziki Mariupolen, Azov itsasoko kostaldeko hirian.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Errusiaren erabakia ospatu du, Ukrainako kontraerasoen arrakasta ikustea "pozgarria" dela esanez. "Ikusiko dugu zer gertatzen den lurraldean, baina Errusiak atzera egin behar izan du iparraldean, Kieven, ekialdean, Kharkiven, eta orain ikusten ari gara nola Ukrainako tropek Errusiako indarrak botatzen dituzten hegoaldetik, Khersonetik", adierazi du Aliantza Atlantikoko buruzagi politikoak.